Gatazken inguruko jardunaldiak

Gazako erasoaldiak «muturrak» indartu dituela esan du Israelgo parlamentuko presidente ohiak

Frantziako Asanblean egiten ari diren jardunaldien lehen saioan hizlari aritu da Avraham Burg.

2021eko maiatzaren 25a
12:17
Entzun

Palestinaren eta Israelen arteko gatazka hizpide hartuta hasi dituzte Frantziako Asanblean nazioarteko gatazkei buruz gaur eta bihar egiten ari diren jardunaldiak. Hanan Ashrawi PAE Palestina Askatzeko Erakundearen batzorde exekutiboko kidea zen saioa hastekoa, baina Sebastien Nadot Frantziako diputatu eta mahai inguruaren gidariak jakinarazi du Ashrawi ezin izan dela bertaratu.

[Youtube]https://youtu.be/pnkX_ZsWe6U[/Youtube]

Avraham Burg Israelgo Knesset parlamentuko presidente ohiak hartu du hitza, lehenengo. Gaur hasitakoa «gerraren ondoren» egin den nazioarteko lehen jardunaldia dela adierazi du, Israelek azken egunetan Gazan egindako erasoaldiari erreferentzia eginez. Gatazka momentu «berezi» batean dagoela esan du, eta une horrekin lotu du Donald Trump AEBetako presidente ohiak enbaxada Jerusalemera lekualdatzeko hartutako erabakia.

Azaldu duenez, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa «pozik» dago egungo egoerarekin, Palestinarekin duen gatazka politikoaren jatorria «ezkutatu» egiten duelako gatazka militarrak. Esan du horrek «konfort eremuan» jarri dituela Netanyahu eta gatazka militarrean parte hartzen ari diren aldeak, baina, aldi berean, zaildu egiten duela irtenbide politiko bat ematea. «Indarkeria» areagotzeak «muturrak» indartzen dituela azaldu du, eta nabarmendu du ez dela hori berak babesten duena. «Badakit gutxiengo baten jarrera dela, baina nik eta nire gisako beste batzuek zera defendatzen dugu: muturrak erdira ekartzea. Hor dago potentzialtasuna».

«Balio demokratikoak eta giza eskubideak» lehenestearen alde mintzatu da Burg, eta, behin hori eginda, auzi politikoari heltzea; hots, palestinarren eta israeldarren arteko harreman administratiboari: «Ez dut uste bi estatu egiteko aukera posible denik. Osloko negoziazioak hilda daude. Nik sinesten dut herrialde bakarraren soluzioa posible dela».

Bide beretik jo du Charles Enderlin kazetariak, gatazka politikoa hartzen ari den joera aztertzean. Azken egunetan Netanyahuren eta Hamasen arteko ezinikusia areagotu dela azaldu du, eta gatazka militarra bi horiengan zentratzeak kalte egiten diola konponbide bat lortzeko ahaleginari. «Hamasek ez dauka ezer negoziatzeko asmorik, eta Israelgo eskuinak horixe nahi du», esan du. Israelgo politikan eskuina lortzen ari den ordezkaritza eta eragiteko gaitasuna hizpide izan ditu, eta horrek «Israelgo demokrazia ahuldu» egiten duela. Alde horretatik, «eskubide demokratikoak» bermatuko dituen irtenbide bat adosteko deia egin die aldeei.

Hagit Ofran Peace Now gobernuz kanpoko erakundeak, berriz, Palestinako lurren okupazioarekin» lotu du gatazkak eztanda egin izana, eta kolonizazio prozesuaren zenbait adibide eman ditu. «Koloniena gai judiziala dela dio gobernuak, baina mugimendu politiko bat da, prozesu legal baten bidez egiten dena», azpimarratu du. Israel etengabe lurrak «konfiskatzen» ari dela esan du, eta auzitegien eta gobernuaren arteko harremanak ahalbidetzen duela hori.

Gatazka politikoaren konponbidearekin lotu du kolonien auzia Ofranek, beste bi hizlarien tesia bere eginez: «Auzia demokrazia falta da». Herritarren parte at bazterrean uzten duen eta eskubideak bermatzen ez zaizkien sistema politiko bat da Israelgoa, haren arabera, eta nazioarteko komunitateari dei egin dio presio egin dezan eskubide urraketa horiek baztertzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.