Errusia - AEB-ak

Vladimir Putin eta Joe Biden Genevan bilduko dira, ekainaren 16an

Etxe Zuriaren arabera, herrialdeen arteko harremana «normalizatu» eta «egonkortu» nahi dute bilera horren bidez. Adierazi dute onura ekarriko diela bi herrialdeei, eta baita nazioarteko komunitateari ere.

Putin eta Biden elkarri eskua ematen, Biden presidenteorde zela, 2011. urtean. EFE
jone arruabarrena
2021eko maiatzaren 25a
17:38
Entzun

Jen Psaki Etxe Zuriko bozeramaileak ohar batean jakinarazi duenez, Suitzako Geneva hirian batuko dira Ameriketako Estatu Batuetako lehendakaria eta Errusiako presidentea, ekainaren 16an. Psakik azaldu duenez, «premiazko» gaiak jorratuko dituzte bilera horretan: bi herrialdeen arteko harremana berrezarri eta «egonkortu» nahi dute, «aurreikusteko modukoa» bihurtzeko.

Bi buruzagien arteko lehenengo bilera izango da. Izan ere, 2018ko uztailean Putin eta Donald Trumpek egin zuten azken bileraz geroztik, ez da goi mailako bilera gehiagorik egon. 

Etxe zuriak adierazi duenez, bi gobernuak hitzordu hori prestatzen aritu dira azken egunotan. Hain zuzen, atzo bertan batu ziren AEBetako Segurtasun Nazionaleko aholkulari Jake Sullivan eta haren homologo errusiarra, Nikolái Pátrushev, Genevan. Batzar horretan, biak bat etorri ziren bi herrialdeen arteko harremana «normalizatzeko» beharraz, izan ere, haien hitzetan, bi herrialdeei eta nazioarteko komunitateari mesede egingo lieke. Era berean, bi herrialdeetako ordezkariek «bi aldeentzat onargarriak diren konponbideak» aurkitzea ere espero dute bilera horretan.

Etxe zuriaren arabera, Bidenek apirilean proposatu omen zion Putini laster beste herrialde batean biltzea, telefono dei baten bidez. Errusiako presidenteak baietza eman ondoren, joan den astean bildu ziren Reikiaviken AEBetako eta Errusiako kanpo harremanen arduradunak, Antony Blinken eta Serguéi Lavrov.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.