Corrugados

ELA: «Ez dago industria planik, eta, balego, ez litzateke herrigune batean enpresa bat berriro ireki behar»

 ELA sindikatuak «Arantxa Tapia sailburuaren eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera» errefusatu du. Herrigunean fabrika zabaltzea ¨biztanleriaren osasun, ingurumen eta segurtasun irizpide eta araudi guztien aurka baitoa».

Azpeitiko Corrugados fabrika. JUAN HERRERO / EFE
xabier martin
2021eko maiatzaren 28a
12:05
Entzun

ELA sindikatuak Azpeitiko Corrugadosen auziari buruzko iritzia jakinarazi du, eta garbi utzi du bat datorrela Azpeitiko Udalaren erabakiarekin. «Ez dago industria planik, eta, halakorik balego ere, ez litzateke herrigune batean enpresa bat berriro ireki behar, hori biztanleriaren osasun, ingurumen eta segurtasun irizpide eta araudi guztien aurka baitoa», esan du sindikatuak, ohar baten bidez.

«Berresten dugu Corrugados Azpeitia lehengo kokalekuan berriro ireki nahi izatea Europako zuzentarauen, EAEko Lurralde Antolamenduko Planen eta Azpeitiko hirigintza-arauen aurka doala», jarraitu du sindikatuak; «onartezina da Arantxa Tapia sailburuak gai horri buruz duen jarrera, are gehiago Ingurumen Saileko titularra dela kontuan hartuta». Tapiaren aurkako salaketa gogorra egin du sindikatuak, bere saila alderdikeriaz kudeatzen duela esanez… «Bere eginkizunen kontura borroka politiko alderdikoi bat egiteak gogoeta eginarazi beharko luke Ingurumen ardura izateko duen egokitasunari buruz». Tapìaren kudeaketaren egokitasuna jarri du mahai gainean, finean, ELAk: «Zaldibarko zabortegia, fracking-a edo errausketa bezalako gai larrien aurrean izan beharreko jokabidea eta jarrera aipatu behar dira».

Baina, edonola ere, ordezkaritzarik handiena duen sindikatuak oso argi dauka Azpeitiko Corrugadosen zer gertatzen ari den: «Tapia sailburua eta bere Jaurlaritza Corrugados Azpeitiaren kasua kanpaina politiko gisa erabiltzen ari dira Jaurlaritzaren industria eta ingurumen-politika zorigaiztokoa ezkutatzeko». Azken hilabeteetan egon diren lan gatazkak ere ez ditu ahaztu ELAk, eta horietan nola jokatu duen Tapiak: «Enpleguaren aitzindari gisa agertu nahi du, Aernnovan, ITP-n, Alestisen, H&M-n eta Tubacexen aurrez aurre ditugun milaka kaleratzeen aurrean ezer ez duela egiten ezkutatzeko».

Jaurlaritza eta Trukutxo

Azpeitiko Corrugadosi dagokionez, ELAk gogorarazi du Gasteizko Gobernuak badakiela enpresako labeen jarduera hirigunetik gertu egotearekin bateraezina dela, eta 2009an erabaki zuela «Trukutxo siderurgia jarduerarako lurzoru egokitzat jotzea». 2013an, lantegia oraindik martxan zegoela, EH Bilduk eta EAJk Corrugadosen jarduera utzi behar zela erabaki zuten. «Ordutik, instalazioak, inolako jarduerarik gabe, hondatu baino ez dira egin. 2021a iritsi da, eta, pandemia betean, etorkizuna bizitza eta ingurumena errespetatzen dituzten proiektuetatik igarotzen dela dioen mundu mailako adostasuna dagoen bitartean, enpresaren jabe berriek, Cristian Layk, jarduerari berriz ekiteko asmoa azaldu dute».

Proiektu berriaren «titular bakarra» ezagutu dela uste du ELAk, gobernuak eta  aldundiak «etengabe» aipatu ei dutena: «50 milioiko inbertsioa eta 700 lanpostu berri». ELAk ez du proiektu berriari buruzko informaziorik izan. «Proiektu baten seriotasuna diskrezioz eta gardentasunez lan egiteko gaitasunaren arabera neurtzen da, argudioen bidez konbentzituz. Ez da horrelakorik gertatu». Sindikatuak dio Miguel Angel Leal Cristian Layko kontseilari delegatuak bakarrik adierazi duela «lantegia irekitzeko asmoa» badela. Industria planaren xehetasunen inguruan, berriz, gogorarazi du Tapia sailburuak  esan zuela «atariko fase batean» zegoela proiektua, eta «bideragarritasun plan bat administrazio laguntza eskatzen denean» enkargatzen dela. »Prozesua oraindik ez zegoen garai horretan esana dauka».

Beraz, sindikatuaren ustez, adierazpen horiek adierazten dute ez dagoela landutako proiekturik. «Nolanahi ere, ELAk espero du inbertsio horren zati bat Lasaoko lantegira iristea; izan ere, dagoeneko eregulazio garrantzitsu bat jasan du, eta industria plan bat behar du». Horrez gain, sindikatuak gogorarazi du Cristian Layk proiektua bertan behera utziko zuela iragarri zuenean Tapiak «ezinegona, tristura eta sargoria» adierazi zuela.

Sailburuak esan du Azpeitiko Udala «aberats berria» zela, eta alkateari «egia osoa ez esatea» eta «informazioa ezkutatzea» leporatu dio egunotan. »Jarduera hori ez dagokio Jaurlaritzako sailburu bati». Hori guztia ikusita, ELAk «Tapia eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera errefusatu» du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.