Arte topaketa

Zortzi proiektuk beteko dute Bilboko Azkuna zentroa larunbatera bitarte

Guztira, 11 artistak hartuko dute parte 'Prototipoak. Forma Artistiko Berrien Nazioarteko Topaketa'-n. Besteak beste, Sra. Polaroiskaren, Maider Lopezen eta Jose Ramon Aisen lanak bisitatu ahal izango dira  

Fernando Perez Azkuna zentroko zuzendaria —mikro aurrean—, eraikinaren atondoan, goizeko aurkezpenean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
amaia igartua aristondo
2021eko ekainaren 1a
15:49
Entzun

Abian da Prototipoak. Forma Artistiko Berrien Nazioarteko Topaketa, Bilboko Azkuna zentroak antolatuta. Larunbatera bitarte, 11 sortzailek garaturiko zortzi proiektu artistikok beteko dituzte zentroko zenbait areto eta zirrikitu, auditoriumetik hasi eta terrazaraino. Askotariko diziplinak jorratu dituzte artistek proposamenetan, hala nola arkitektura, performancea eta ikus-entzunezko formatua, baina, oro har, «inguruarekin harremanetan jartzera gonbidatzen» dute proiektuek, egitasmoko komisario Rosa Casadok nabarmendu duenez: «Txikitasunei eta detaileei erreparatzen diete».

ELSSIE ANSAREO:

Eraikineko sarrera nagusitik sartu, eta, zintzilik dagoen pantailaren aldamenean, 21 erretratuk betetzen dituzte Lantegiko leihoak. Elssie Ansareok lagunak fotografiatu ditu BIO-INT-DÍA lana ontzeko: pintura beltzez, gorriz eta urre kolorekoz margotu dizkie aurpegiak, eta, erretratuen erdigunean, gorriz pintatuta eta batuta dauden hiru eskuren argazkia paratu du, «bihotza» irudikatzeko, artistaren hitzetan. «Atondoan kokatua dago, harrera egiten den lekuan. Zentzumenekin lotutako zerbait sortu nahi nuen, ukimenari erreferentzia egingo ziona, hain mugatua dagoena egun». Azaldu duenez, «konposizio simetriko» bat egin du, lerro askotakoa, «begiradak ibilbide ederra egin dezan». Irailaren 19ra arte ikusi ahal izango da.

JOSE RAMON AIS:

Arbola sorta bat paratu du Jose Ramon Aisek eraikinaren terrazan. Baso bidaiariak proiektuan, haritzak, pagoak, lizarrak, palmondoak eta pinuak lerrokatu ditu artistak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bost espezie «adierazgarrienetakoak», adierazi duenez. «Zuhaitz bakoitzaren historiatik abiatuta, harremanetan jarri ditut testuinguruarekin, baita haien artean ere, bertako espezieak kanpotik ekarritakoekin batuz». Halaber, «bidaiaren iruditeriari» erreferentzia egiten dio, basoaren irudi «bukolikoaren» kontrakarrean. Dioenez, elementu «estatiko» gisa ikusten dira zuhaitzak, «baina basoak zura ekoizteko izan dira antolatuak», eta zura, orobat, itsasontziak egiteko erabili izan da; hala, elementu mugiezinari mugikortasuna txertatu dio testuinguruak, artistaren azalpenari jarraituz. Irailaren 19ra bitarte ikusi ahal izango da instalazioa, eta bihartik ostiralera bitarte Aisek elkarrizketak izango ditu zenbait aditurekin, terrazan bertan.

ELENA AITZKOA:

Apiriletik bisitatu daiteke Elena Aitzkoaren Lendia Song erakusketa, Lantegia 2ko BAT espazioan, baina, bihartik ostiralera, Ándromeda Túnel performance sortarekin biribilduko du lan eskultorikoa. Lendia aintzira (Apodaka, Araba) Azkunan islatzea du oinarri proiektuak, eta ekintza performatiboek dagoeneko ondutako paisaia hori «aktibatzea» dute xede, Aitzkoaren arabera: «Partekatu nahi dut gorputzaren eta forma eskultorikoen arteko konexioaren esperientzia intimoa; naturarekiko gatazka egon liteke, baina espazio poetiko bat ere irekitzen du». Mugimendua, dantza eta musika tartekatuko ditu performanceak, besteak beste, eta, oroz gain, «barneko entzute» bat izango da, artistak dioenez.

MAIDER LOPEZ:

Emakume bat, landare bat eskuetan duela, Bilboko Alde Zaharrean oinez, ordu eta leku berean, hilabete batez. Oinarri hori du Maider Lopezen Personaje lanak. Paseo horien bideoak eta argazki sorta bat paratu ditu Lantegia 2ko Lab2 aretoan, baita gida bat ere, andreak ikusi, entzun eta sentitutakoak biltzen dituena. Ohiko prozesu bat irudikatu du artistak, adierazi duenez: «Egunero ibilbide bera egiten badugu, pertsona berberak ikusiko ditugu, eta, azkenean, gure bizitzako pertsonaiak bihurtuko dira. Lan honetan pertsona bat infiltratu nahi izan dut, pertsonaia bat sortzeko». Eguneroko ekintzek «oroitzapenak sortzen» dituztela dio artistak; Personaje laneko andrea azkar egin zitzaien gogoangarri ingurukoei, dioenez: «Hirugarren egunean jada identifikatu zuten; beraz hitz egiten zuten». Uztailaren 4ra arte bisitatu ahal izango da erakusketa.

DIEGO SOLOGUREN ETA SEBASTIEN TRIPOD:

Lantegia 1en aldameneko leihoa zeharkatzen du Diego Sologuren eta Sebastien Tripod arkitektoen BroadWindow instalazioak; eraikinaren barruan dago estrukturaren muturretako bat, eta kanpotik ikus daiteke bestea. Landare igokariak, sasitzak eta txorientzako etxetxo bat paratu dituzte, besteak beste, fatxadatik irteten den muturrean, eta bestean bi ur botila handi jarri dituzte, elementuok elikatuko dituena tanta jario bidez; biotopo bat osatzea dute jomuga uda bukaerarako, eta, hori oinarri hartuta, «eztabaida bat sortzea» dute xede, Sologurenen hitzetan: «Naturarekin batera bizi gara hirian». Epea bukatzen denerako —irailaren 19a—, aurreikusita dute flora, fauna eta onddoak bilduko dituen ekosistema txiki bat izatea. «Hala ere, naturari berezko zaion ezjakintasunaren ondorioz, ezusteko emaitza izango da».

SRA. POLAROISKA:

Hiru pantailak osatzen dute Sra. Polaroiska bikotearen Hiru haiku instalazioa, Lantegia 1en: Azkunako auditoriumeko agertokian dauden txakurrak agertzen dira batean; lainopean dagoen aintzira da protagonista bigarrenean; eta Esne Bidearen irudiek betetzen dute hirugarrena, planetario batean hartutakoak. Era berean, txakurren arnasestuen soinuek eta aintzirako girokoek biribiltzen dute proiektua. «Nahi dugu ikuslea patxadaz egotea, behatzen baino ez, ez dezan beharrik izan ikusten duenari esanahirik aurkitzeko», azaldu du Maria Ibarretxe kideak. Aipatutako giroa erdiesteko, haikuetara jo dute, proiektuaren izenak aditzera ematen duenez. Alaitz Arenzana kidearen arabera, «haikuak txikiaren gorazarrea egiten du kontenplazioaren bidez», eta, Ibarretxek zehaztu duenez, «eguneroko ekintzak ere nabarmentzen ditu, begirada pentsarazten du, begiekin eta azalarekin entzutea eragiten du». Larunbatera arte ikusi ahal izango da instalazioa.

LAIDA LERTXUNDI ETA REN EBEL:

«Etxeko lanaren eta lan artistikoaren arteko desberdintasunak agertu, eta haien arteko loturak topatzea». Ideia horretatik abiatu ziren Laida Lertxundi eta Ren Ebel Working from filma sortzeko, Lertxundik azaldu duenez. Bikotea dira Lertxundi eta Ebel; ume bat dute, eta beren eguneroko bizitza islatzea dute helburu ekoizpenean. Filma ez dute bukatu oraindik, baina jada grabatutako eduki osoa erakutsiko dute larunbatean. Bitartean, inspirazio izan zaizkien ekoizpenen zatiak ikusi ahal izango dira, etengabeko proiekzioan, Azkunako auditoriumean. Burutu gabeko lan baten piezak erakutsiko dituzte, hortaz, eta horrek ematen dio izena instalazioari: Notes on Working from. «Bi lan mota agertzen ditu», azaldu du Ebelek: «Lan suntsitzailea, abangoardiari dagokiona, eta lan ekoizlea, bizitzaren mantenuari dagokiona».

AMALIA FERNANDEZ:

Sei orduko performance batean irauteko desafioa da, funtsean, Amalia Fernandezen Expografía retrospectiva lana. «Nahi dut performancea egiten dugunok eta ikusten dutenek konprometitu gaitezen giza erresistentziaren mugekin, muga horiek agerian uztearekin», artistaren hitzetan. Azkunako hainbat gunetan garatuko da emanaldia, eta tokiok aktibatuz joango dira Fernandezen eta ekintzan parte hartuko dute beste bost artistaren esku hartzeekin: hamahiru lan labur txirikordatuko dituzte guztira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.