Etxebizitza

Miarritzek, Donostiak, Baionak, Angeluk eta Getxok dute Euskal Herriko etxebizitzarik garestiena

Gaindegia behategiaren azterketaren arabera, hamar gaztetik sei gurasoen etxean bizi dira orain Hegoaldean. Iparraldean, berriz, 20 eta 34 urte artekoen hiru laurdenak gurasoen etxetik kanpo bizi dira.

jarraia198550.jpg
Edu Lartzanguren.
2021eko ekainaren 1a
18:55
Entzun

Etxebizitzen salneurria garestitzen ari da Euskal Herri osoan, baina, bereziki, Iparraldean. Hala ondorioztatu du Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak, azterketa baten bidez. Miarritzek, Donostiak, Baionak, Angeluk eta Getxok dute Euskal Herriko etxebizitzarik garestiena, bai erosteko, bai alokatzeko.

Fenomeno interesgarri bat behatu du Gaindegiak: izurriak hoztu egin du etxebizitza merkatua Hego Euskal Herrian, baina ez Iparraldean.

Ikertzaileen arabera, 2013. urtetik ari zen puzten etxebizitzaren salerosketa, eta izurriak hori eten egin du Hegoaldean. 2020an, aurreko urtean baino %11,5 etxebizitza gutxiago salerosi ziren. Iparraldean, ordea, %44,8 handitu da epe berean.

Horren arrazoia ez dago argi, baina gogoratu behar da Lapurdiko kostaldea ihesleku izan dela Parisko biztanle askorentzat, esaterako, konfinamendu garaietan. Horregatik, ez da harritzekoa jakitea salerosketa kostaldean, Aturrin, Lapurdiko hegoaldean eta Errobi aldean ugaritu dela gehien.

Euskal Herriko 25.000 biztanletik gorako udalerrietako metro koadroak zenbat balio duen kalkulatu du Gaindegiak: garestiena Miarritzekoa da (6.489); ondoren, Angelu dago (4.800), Donostia (3.737), Baiona (3.383), Getxo (2.994), Leioa (2.611) eta Bilbo (2.510).

Maule-Lextarre (1.233) eta Iruñea (1.848) dira hiribururik merkeenak.

2017. urtetik, hiri horietan guztietan garestitu dira etxebizitzak, Eibarren eta Maule-Lextarren izan ezik.

Alokairuari dagokionez, Miarritze eta Donostia dira garestienak. Miarritzen 15,5 euro ordaintzen da metro koadroa hilean, batez beste. Donostian, 14,6.

Arabako Errioxan, Aiaraldean eta Arratian daude alokairurik merkeenak, batez beste.

Datu guztiak Gaindegiaren webgunean daude.

Hamar gaztetik sei, gurasoen etxean

Gazteen emantzipazioaren inguruko datuak ere eman ditu Gaindegiak. Ondorioztatu duenez, izurriaren aurkako neurriek are gehiago apaldu dute emantzipazioa Hego Euskal Herrian, 3,4 puntu. Hamar gaztetik sei gurasoen etxean bizi dira orain. Iparraldean, berriz, 20 eta 34 urte artekoen hiru laurdenak gurasoen etxetik kanpo bizi dira.

Hegoaldean, 25 eta 29 urte bitartekoen artean 4,2 puntu egin du atzera emantzipatuen ehunekoak 2020an.

Iparraldeko gazteak kostaldera egiten dute emantzipatzerakoan, eta horrek areagotu egiten du barnealde eta kostaren arteko populazio desoreka.

Gazteak Donostialdera, Astigarragara, Lasarte-Oriara, Errenteriara edo Hernanira emantzipatzen dira; Bilbo Handian, Deriora edo Barakaldora; Iruñerrian, Berriobeitira, Sarrigurenera (Eguesibar) eta Berriozarrera; Gasteizen, Aretxabaleta-Gardelegira, Zabalganara edo Salburuako auzoetara. «Babes ofizialeko etxebizitza politikek eta merkatu libreko prezioek hiriguneetako zenbait eremuk gazte andana bereganatzea eragin dute, belaunaldien arteko lurralde segregazioa sustatuz», ondorioztatu du Gaindegiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.