Artea

Basterretxearen ‘Araba’ artelana aurkitu dute, hogei urteren ostean

Aratz mendiaren tontorrean jarri zuten Basterretxearen artelanaren erreplika, baina jarri eta gutxira desagertu zen. Aste honetan topatu dute, eta Asparrengo udaletxera jaitsi dute.

Nestor Basterretxearen 'Araba' artelanaren erreplika. IñIGO LEZA
Nagore Arin.
2021eko ekainaren 3a
11:08
Entzun

Hogei urte inguru desagertuta egon ondoren, aste honetan berreskuratu dute Nestor Basterretxea eskultore, margolari eta zinemagilearen Araba artelana: 1990eko hamarkadaren erdialdean jarri zuten piezaren erreplika Aratz mendiaren tontorrean (Araba), Arabaren, Gipuzkoaren eta Nafarroaren mugen artean. Egurrez egina dago jatorrizko artelana, eta tontorrean jarri zuten erreplika brontzez egina dago. Jarri eta bi urtera, baina, desagertu egin zen. Aste honetan berreskuratu dute; hain zuzen, mendizale batek topatu du artelana: Aritz Albisu du izena, eta Araiako (Araba) bizilaguna da.

Duela hogei urte inguru jarri zuten tontorretik 500 metrora topatu du pieza. Hasiera batean, ez zuen Basterretxearen erreplikarekin lotu, baina, badaezpada, argazki bat atera, eta emazteari erakutsi zion, etxera iristean. Hark esan zion Aratzen duela hainbat urte desagertu zen artelan berbera zela, eta denbora gutxian lau haizeetara zabaldu zen aurkikuntza. Asparrengo (Araba) alkate Txelo Auzmendirengana ere iritsi zen, eta albistearen berri izan eta berehala jarri zen harremanetan Basterretxearen semearekin. Irudiak ikustean, aitaren artelanaren erreplika zela baieztatu zuen Gorka Basterretxeak.

Artelana herrigunean da jada

Susmoak baieztatu ondoren jaitsi dute artelan kuttuna herrigunera. Bizilagun batzuek jaitsi dute, patata zaku baten barruan eta bi hodiren gainean jarrita jaitsi ere, 40 kilogramo inguru pisatzen baitu. Orain, Asparrengo udaletxean dago Araba, eta, alkatearen hitzetan, hantxe gordeko dute oraingoz. Hala ere, ez dute baztertzen beste tokiren batean ikusgai jartzeko aukera, baina, horretarako, artistaren familiarekin hitz egin behar dute, eta guztien artean erabaki erreplikarekin zer egin, eta non jarri.

Irudiak: Iñigo Leza

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.