Muturreko kirolak

Txinak muturreko kirol ekitaldiak debekatu ditu, mendi lasterketak tartean

Mugarik gabeko epe batez ezingo da ultramaratoirik, mendi lasterketarik edo wingfly ekitaldirik antolatu. Maiatzaren amaieran, 21 kirolari hil ziren Gansu eskualdean eginiko mendi lasterketa batean, eguraldi txarrarengatik.

Salbamendu taldeak, maiatzaren 23an, Gansuko ultramaratoian parte hartu zuten kirolarien erreskate lanetan parte hartzen. 21 korrikalari hil ziren.
Edu Lartzanguren.
2021eko ekainaren 3a
17:04
Entzun

Ezbehar larria gertatu zen maiatzaren 22 eta 23ko asteburuan Txinako Gansu eskualdean: mendi lasterketa batean, 21 kirolari hotzez hil ziren, espero baino eguraldi okerragoa egin baitzuen. Gertaerak harridura eta sumina eragin zituen Txinan eta munduan, eta gaur bestelako ondorioak ekarri ditu.

Txinako Kirol Administrazio Nagusiak mugarik gabe debekatu du «arrisku handiko kirol ekitaldi oro, kudeaketa erantzukizunik gabekoak, arau kamutsekoak eta segurtasun neurri lausokoak». Horien artean daude mendi lasterketa, BASE jauziarekin batera egiten den wingfly praktika, ultramaratoiak eta basamortuetako lasterketak.

Erakundeak iragarri duenez, kirol ekitaldiak aztertuko ditu, kudeaketa eta arauak hobetzeko, haien segurtasuna ziurtatzeko.

Guansuko lasterketan 172 korrikalarik hartu zuten parte. Gune menditsu batean 100 kilometro egin behar zituzten, baina, bideari ekin eta gero, antolatzaileek bertan behera utzi zuten lasterketa. Izan ere, aurreikusi baino eguraldi kaskarragoa egin zuen, eta lasterkariak ez zeuden prestatuta egoera horri aurre egiteko. Baina ordurako berandu zen, eta parte hartzaile batzuek hipotermia eta arazo fisikoak pairatu zituzten altuera handiko gune batean, tenperaturek behera egin zutelako oso azkar.

Txingorraren eta haize ufada indartsuen artean, desagertu egin ziren korrikalari batzuk larunbat eguerdirako, eta erreskate zerbitzuek igande goizeko zortzietan baieztatu zuten haietako hogei gutxienez hilda zeudela. Bi ordu geroago amaitu zituzten bilaketa lanak —ia 24 orduz jardun zuten—, eta hildako bat gehiago baieztatu zuten; denera, 21. Horrez gain, beste zortzi erietxera eraman behar izan zituzten. 1.200 lagun inguru ibili ziren korrikalarien bila.

Azaldu zutenez, 2.000 metro inguruan zegoen tarte batean 0 gradu inguruko tenperaturak erregistratu ziren larunbatean, eta lasterkariak ez zeuden prestatuta horri aurre egiteko. Arropa finekin abiatu ziren gehienak; izan ere, aurreko eguneko iragarpen meteorologikoek ez zuten aurreikusi halako eguraldia izango zenik. Bazekiten euria eta haizea izango zirela, baina ez horren tenperatura hotzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.