Sindikatuak

Loli Garcia berriro hautatu dute Euskadiko CCOOko idazkari nagusi

Batzarkideen %68,1ek egin dute alde, duela lau urte baino gutxiagok.

Loli Garcia, gaur, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko ekainaren 4a
12:59
Entzun

Loli Garcia (Barakaldo, Bizkaia, 1968) beste lau urterako izendatu dute Euskadiko CCOOko idazkari nagusi. Bigarren agintaldia izango du, 2017ko ekainetik baita sindikatuko arduraduna, Unai Sordoren ordez. Orduko horretan, botoen %84 eskuratu zituen Garciak, eta sindikatuko kargu nagusia lortu zuen lehen emakumea izan zen. Gaurko bozketan, 2017ko emaitzak okertu ditu: %68,1 alde eta %31,9 zuri. Aurkako botorik ez du izan.

Garciaren taldearen kudeaketa txostenak batzarkideen %65en aldeko botoa jaso zuen atzo.

Babes zabalagoa jaso du sindikatuko zuzendaritza osatuko duen taldeak, %70ekoa. Hamar kide ditu, eta horietatik bi dira berriak, Oskar Arenas eta Arkaitz Antizar.

Atzoko hitzaldian, Garciak elkarrizketa sozialaren lana goraipatu zuen, eta horri esker koronabirusaren krisiaren kalteak txikitu direla ziurtatu zuen: «Ondorio dramatikoak eragingo zituen ezer ez egin izanak; gure herriko langile klaseak are gehiago sufrituko zuen».

Gaurkoan, 2012ko eta 2013ko lan erreformak indargabetzeko lana egingo duela agindu du, behin-behinekotasuna mugatzea eta negoziazio kolektiboa indartzea derrigorrezkotzat jo baitu. 

Hainbat urtez bigarren izan da CCOO Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hauteskunde sindikaletan, baina azken urteetan LABek hartu dio aurrea. 2020 amaierako datuen arabera, hiru lurralde horietan 3.171 ordezkari sindikal ditu Garciaren taldeak, ordezkaritzaren %18,3 —ELAk %41,3 ditu; LABek, %19.9, eta UGTk, %10,2—.

Garcia 1990an sartu zen CCOOn, eta 1992an hasi zen zuzendaritza karguetan. EHUn Psikologia ikasketak egin zituen; master bat du lidergoan eta erakundeen gidaritzan, eta lan arriskuen prebentziorako teknikaria da lanbidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.