hezkuntza

EHU munduko 200 unibertsitate onenen artean dago sei espezialitatetan

Shanghaiko unibertsitateko rankingean EHUk lortutako emaitzek «unibertsitate sendo bat» dela erakusten dute, EHUko errektore Eva Ferreiraren arabera. Batez ere zientzia arloan lortu ditu emaitzarik onenak.

EHUren Leioako campusa, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2021eko ekainaren 4a
13:06
Entzun

Shanghaiko Jiao Tong unibertsitateak espezialitateen araberako unibertsitateen rankingaren berri eman du; hain zuzen, munduko 500 unibertsitate onenak zerrendatu ditu espezialitate akademikoen arabera. Bertan, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak 200 unibertsitate onenen artean egotea lortu du sei diziplinatan, eta munduko 500 onenen artean 24tan.

Are emaitza hobeak lortu ditu hiru espezialitatetan: rankingaren arabera, EHU munduko 150 unibertsitate onenen artean dago Ingeniaritza Metalurgikoan, Ingeniaritza Kimikoan eta Kimikan. Gainera, 200 unibertsitate onenen artean kokatu dute Elikagaien Zientzia eta Teknologian, Materialen Zientzia eta Ingeniaritzan eta Nanozientzia eta Nanoteknologian. Emaitza hain aipagarriak ez izan arren, azpimarragarriak dira EHUk beste hainbat arlotan lortutako emaitzak ere: 300 unibertsitate onenen artean dago Ingurumen Zientzia eta Ingeniaritzan, Energiaren Zientzia eta Ingeniaritzan, Matematikan, Fisikan, Nekazaritzako Zientzietan, Farmazian, Zientzia Farmazeutikoetan eta Hezkuntzan; 400 onenen artean Ingeniaritza Elektrikoa eta Elektronikoan, Ingeniaritza Mekanikoan, Zientzia Biologikoetan, Osasun Publikoan eta Zientzia Politikoetan; eta 500 onenen artean Informatika Zientzia eta Ingeniaritzan, Lurraren Zientzietan, Ekologian, Zientzia biomedikoetan eta Kudeaketan.

Shanghaiko rankinga unibertsitateen jarduna ebaluatzen duen irizpide esanguratsuenetako bat da. EHUk 2012an lortu zuen 500 unibertsitate onenen zerrendan sartzea, eta azken aldian, 2020an, 400 onenen artean sartu zen. Euskal Herriko beste unibertsitaterik ez dago maila horretan.

«Unibertsitate sendoa»

Eva Ferreira EHUko errektorearen irudiko, «emaitza esanguratsuak» lortu dituzte, eta EHU «unibertsitate sendo bat» dela erakusten dute, «oinarri zientifiko irmoa eta dinamismo handia duena». Emaitza horiek lortzeko unibertsitateko kideek egindako lana eskertu du Ferreirak: «Oso harro nago gure unibertsitateko kideen ahalegin handiaz, EHUn egiten den ikerketaren kalitatea mantentzeko eta areagotzeko orduan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.