Teknologia

Europako Batzordeak monopolio jokaera egotzi dio Facebooki

Sare soziala ikertuko du publizitatea jartzen duten enpresen datuak bere mesedetan baliatzen dituen jakiteko. Ondoren haiei konpetentzia desleiala egiten dien susmoa du.

Erabiltzaile bat Facebooken mugikor aplikazioaren ikurra sakatzen. SASCHA STEINBACH / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko ekainaren 4a
13:08
Entzun

Europako Batzordearen eta enpresa teknologiko handien arteko talkak atal berri bat du: Facebookek monopolio jardunak darabiltzan ala ez ikertuko du Bruselak. Publizitatearen eta iragarki laburren arloetan egozten dizkio, horretarako sare sozialean publizitatea jartzen duten enpresen datuak bere mesedetan baliatzen dituelakoan. Batzordearen susmoa da datu horiek baliatzen dituela enpresa horien aurkako konpetentzia desleiala egiteko Internet bidezko iragarkietan. Praktika horrek Europako lehiaren araudia urratuko luke.

«Ia 3.000 milioi pertsonak erabiltzen dute Facebook, eta ia zazpi milioi enpresa iragartzen dira bertan. Sare sozialaren erabiltzaileen datu pila bat biltzen ditu, eta baita haratago ere, eta, horri esker, bezero zehatzera iristeko aukera du», azaldu du Margrethe Vestager Europako Batzordeko Lehia komisarioak. Batzordeak, orain, datu horien kudeaketa aztertuko du, Facebooki abantaila ematen dioten ikusteko, «batez ere sareko iragarki laburren merkatuan».

Batzordeak arreta berezia jarriko du Facebook Marketplace iragarki laburren zerbitzuan, sare sozialera lotuta doan ala ez argitzeko. Izan ere, produktuen salerosketarako hainbat plataformak publizitatea jartzen dute Facebooken, eta, bide batez, lehia egiten diote Marketplace-i. Honela azaldu du batzordeak ohar batean: «Facebookek, esaterako, hurrengoa egin lezake: lehiakideen publizitatearen emaitzak aztertu haien erabiltzaileen nahien inguruko datuak biltzeko, eta gero Facebook Marketplace egokitu haien arabera».

Batzordeak ez dio eperik jarri bere buruari ikerketa amaitzeko, eta haren luzera ikerketaren zailtasunaren eta enpresaren kooperazioaren araberakoa izango dela esan du. Erresuma Batuak ere ikerketa propioa hasiko du, baina iragarri du lankidetza «estua» izango duela EBrekin. Ikerketaren ondorioen arabera, Facebookek bere negozio bolumen osoaren %10erainoko isuna jaso dezake. Aurretik AEBetako beste erraldoi digital batzuek jasan dituzte antzeko ikerketak Europan.

Facebookek bozeramaile baten bitartez erantzun du, eta, aurreratu duenez, enpresak lankidetza osoa eskaini dio EBri akusazioek «oinarririk» ez dutela erakusteko. «Gu etengabe ari gara zerbitzu berri eta hobeak ikertzen Facebook erabiltzen duen jendearen eskakizunei ahalik eta hobekien erantzuteko». Era berean, azaldu du iragarki laburrek eta harreman pertsonalak lortzeko guneek aukera zabala eskaintzen diela erabiltzaileei, eta bi zerbitzuak lehiakortasun oso handiko merkatu batean murgilduta daudela.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.