Herri Kirolak

Arria V.ak sei ordu eta sei minutuan amaitu du desafioa

Herri kirolariak ehun kiloko harria hamar aldiz altxatu du, Tolosako hiru tontorren mendi maratoia osatu du, eta hamar kana erdiko ebaki ditu. Desafio horrekin eman dio amaiera bere kirol ibilbideari.

'Arria V.a', gaur, Zelatunen. ZELATUNGO ANTONIOREN BORDA
2021eko ekainaren 6a
15:17
Entzun

Sei ordu, bost minutu eta 54 segundo. Denbora horretan geratu du kronometroa Xabier Orbegozo Arria V.ak gaur, bere kirol ibilbideari amaiera emateko egin duen desafioan. Helburua sei orduan egitea zen, eta gertu ibili da errezildarra.

Erronkari ekiteko, Arria V.ak harriari heldu dio lehenik; ehun kiloko bola hamar aldiz jaso du. Harriarekin amaitu ostean, Tolosaldeko hiru tontorrak –Ernio, Uzturre eta Erroizpe– zeharkatu ditu. Guztira, 43 kilometro egin ditu korrika, 5.600 metroko desnibel metatua zuen ibilbidean. Bukatzeko, aizkorarekin hamar kana erdiko ebaki ditu Ibarrako Emeterio Arrese plazan.

Goizeko zortzietan hasi, eta txalo artean amaitu du bere kirol ibilbidea Arria V.ak. Aste honetan aitortu zion BERRIAri bere ametsa «herri kiroletako ibilbidea plazan amaitzea» zela, eta halaxe egin du. Probaren amaieran arazoak izan ditu kalanbreekin, baina ordurako beteta zuen helburua herri kirolariak.

Amaitutakoan aitortu du «une larriak» igaro dituela proban: «Uzturren gora, uzteko moduko momentuak izan ditut, baina jendearen babesarekin lortu dut jarraitzea». Azkenik, herri kirolariak eskerrak eman dizkie gaur plazan bildutakoei, eta etorkizunean ere plazetan jarraituko duela esanez amaitu du.

Hilabeteak zeramatzan gaurko proba prestatzen; izan ere, pandemia dela-eta behin baino gehiagotan atzeratu behar izan du. Dena, eztabaida baten ondorioz: «Eztabaida batean hasitako kontua da; neure burua gai ikusten nuen egiteko, beldurgarri sufrituta bada ere», zioen aste honetan. «Halaxe izan da: prestakuntzan hamalau kilo galdu ditut. Mutil handia naiz ni horrenbeste kilometro egiteko, desnibel horrekin [5.600 metroko desnibel metatua zuen lasterketako zatiak], baina txukun jarri garelakoan nago». Esan eta egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.