Peru

Emaitza estua espero dute presidentetzarako bozetan, hirietako botoak zenbatuta

Keiko Fujimorik bost punturen aldea ateratzen dio Pedro Castillori, baina Castillo landa eremuetan erraz nagusituko dela aurreikusi dute, eta haren jarraitzaileak kalera ateratzen hasi dira.

Castillo sindikalistaren jarraitzaileak zenbaketa azkarraren emaitzak ospatzen, atzo, Tacabamban. STRINGER / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko ekainaren 7a
09:08
Entzun

Botoen %56 zenbatu dituzte Perun, atzo presidentea aukeratzeko eginiko bozetan. Keiko Fujimorik botoen %52,4 eskuratu ditu, eta Pedro Castillok, %47,5. Haatik, emaitzok iraultzea espero dute askok, herrialdeko zenbaketa sistema kontuan hartuta. Izan ere, lehenbizi hirietako botoak zenbatzen dituzten Perun, eta horietan du Fujimorik boto iturri nagusia. Castillo, berriz, faboritoa da landa eremuetan eta herrialdearen barnealdean.

Peruko hauteskunde batzordeak eginiko kalkuluen arabera, Castillo nagusituko da, botoen %50,2rekin. Fujimorik %49,8 jasoko ditu. Beraz, bi hautagaien arteko tartea oso txikia izango dela aurreikusi dute.

Hainbat egun beharko dira, ordea, behin betiko emaitza jakiteko. Lehenbizi, hauteskunde guneetatik gertu dauden botoak zenbatzen dituzte Perun, hau da, Lima eta eskualdeetako hiriburuetatik gertukoak. Gero hasten da herriz herriko eta bazterreko eskualdeetako botoen zenbaketa.

Hautagaiek ez dute garaipenik aldarrikatu oraindik, baina Castilloren jarraitzaileak kalera atera dira dagoeneko, eta hauteskunde batzordearen aurrean bildu dira «iruzurra saihesteko». Istiluak gertatu dira manifestazio horretan.

Castillo sindikalista da, eta nekazarien artean du sostengurik handiena. Peruko paisaia politikoan ezezaguna izan arren, hautagairik bozkatuena izan zen apirilean eginiko lehenengo itzulian, botoen %20 inguru eskuratuta. Hankaz gora jarri du, gainera, herrialdeko politikagintza, konstituzioa eta sistema ekonomikoa eraldatzea proposatu baitu.

Euren interesak arriskuan daudela ikusita, herrialdeko eskuinak Fujimorirekin bat egin du. Horretarako, Castillo «muturreko politikaria» dela esaten aritu da, eta aukera «askatasuna edo komunismoa» dela.

Horren ondorioz, kanpaina oso gogorra izan da, eta herrialdea banandu egin du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.