Bihar hasiko da neurriak arintzeko hirugarren fasea Iparraldean

Etxeratze agindua 23:00etan izanen da, eta ostatuen barnealdea irekiko dute.

Baionako terraza bat, iazko urrian, bigarren itxialdiaren ondotik. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko ekainaren 8a
12:04
Entzun

Maiatzaren 19an hasi ziren neurriak arintzen Ipar Euskal Herrian, eta bihartik aitzina, hirugarren fasea indarrean sartuko da. Etxeratze agindua 23:00etara gibelatuko dute, eta ostatuen barnealdeak irekitzen ahalko dituzte, betiere, protokolo zorrotzekin. Zenbait sektore berriz irekiko dituzte bihartik aitzina: kirol gelak, kasinoak, talasoterapia guneak eta jolas parkeak. Bestalde, enpresetan telelana ez da derrigorrezkoa izanen.

Maiatzaren 19an ireki zituzten berriz ostatu eta jatetxeetako terrazak Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Edukiera %50era mugatua izan da, baina bihartik hasita, osoki irekitzen ahalko dituzte kanpoaldeak. Horrez gain, barnealdeak ere irekiko dituzte, edukieraren erdiarekin. Dena den, baitezpadakoa izanen da jarririk kontsumitzea, eta mahai inguruan sei lagun elkartzen ahalko dira, gehienez. Maskara janztea derrigorrezkoa izanen da joan-jinak egiteko.

Gainera, barnealdeetan egoten diren bezeroek beren datuak utzi beharko dituzte —izen-deiturak eta telefono zenbakia— kutsatzerik gertatuko balitz abisua jasotzeko. Datu horiek paperean idazten ahalko dituzte, edo, bestela, QR kode bat baliatzen ahalko dute Tous Anti Covid aplikazioaren bidez. Bezero batek Covid-19aren gaitza izanez gero, abisua eman beharko dio ostatuari, eta harekin batera egon diren bezeroek PCR proba egiteko gomendioa jasoko dute. Aldiz, hiru lagun baino gehiago kutsatuak badira, «alerta gorria» egoera martxan jarriko da: bezero guztiek PCR proba egin beharko dute «ahalik eta azkarren», anartean isolaturik egonez.

Kirol jarduerak, malguago

Kirolari dagokionez, kirol gela itxiak berriz irekitzen ahalko dituzte, igerilekuak barne, edukieraren %50arekin. Ostatuetan bezala, leku horietan ere bezeroen datuak bilduko dituzte kutsatze kateak kontrolatzeko. Era berean, publikoa hartzen duten kirol guneak zabalduko dituzte, tokien %65ekin. Halere, muga 5.000 lagunetan ezarri dute, eta 1.000 lagun baino gehiago biltzen diren lekuetan ziurtagiri sanitarioa beharrezkoa izanen da: 72 ordu baino gutxiago dituen PCR proba negatiboa, txertaketa agiria edo sei hilabete baino gutxiagoko COVID-19aren kutsatze froga. Kanpoaldean kirola egitea baimendua izanen da, baina 25 lagun elkartzen ahalko dira gehienez. Halere, orain arte bezala, hunkitze kirolak egitea debekatua izanen da barnealdeetan.

Iragan maiatzaren 19an ireki zituzten berriz kultur gelak —museoak, antzokiak, zinemak—, eta ikusleria edukieraren herenera mugatua izan dute. Bihartik goiti, %65era pasako da muga hori.

Azkenik, bihartik goiti ziurtagiri sanitarioa martxan ezarriko dute Ipar Euskal Herrian. Hala, Hego Euskal Herritik Ipar Euskal Herrira joateko ez da beharrezkoa izanen PCR proba negatiboa osoki txertatuak diren herritarrentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.