Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

NAZIOMETROA

Euskal selekzioaren ofizialtasuna babesten dute hiru herritarretik bik

Naziometroaren bigarren neurketaren arabera, erabakitzeko eskubidearen alde daude beste hainbeste; portzentaje hori hiru puntu hazi da urte erdian. Nafarroak beste lurralde batzuekin harremanak indartzeko beharraz ere galdetu dute inkestan.

Euskal futbol selekzioaren partida, Zubietan.
Euskal futbol selekzioaren partida, Zubietan. Patxi Gaztelumendi / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain -

2021eko ekainak 9 14:00

2020. urtearen hondarrean, Naziometroa euskal burujabetzari buruzko barometroaren lehen neurketaren emaitzen berri eman zuten Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategiak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Parte Hartuz ikerketa taldeak. Asmoa zen neurketa horiei jarraipena ematea, bilakaerari erreparatzeko, eta bigarren neurketaren emaitzak argiratu dituzte orain.

Besteak beste, euskal selekzioen ofizialtasunari buruzko iritziak bildu ditu naziometroaren bigarren inkestak. Euskadiko Futbol Federazioak UEFAn eta FIFAn aurkeztuak dauzka kide izateko eskariak, eta erantzun duten herritarren iritziz, zazpi herrialdeetakojokalariek osatutako Euskal Selekzioak nazioarteko txapelketa ofizialak jokatzeko aukera eduki beharko luke (%64k babesten dute aukera hori). Bostetik bat daude horren aurka (%21). Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan du babes gehien aukera horrek, baina ofizialtasunaren aldeko hautua hiru lurralde osoan da nagusi.

Euskal selekzioak Frantziakoaren edo Espainiakoaren aurka jokatzeko aukeraren aurrean, berriz, gehien errepikatzen diren erantzunak dira oso ondo (%31,5) edo ondo (%22,6) iruditzen zaiela, eta soilik %16,7ri iruditzen zaie gaizki edo oso gaizki. Edozein kasutan, %72ren iritziz, jokalariei dagokie erabakitzea zein selekziorekin jokatu nahi duten.

Barometroaren beste ondorioetako bat da erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrerak hazi diren neurri berean murriztu direla euskal estatuaren aldekoak: hiru puntu hazi dira lehenak, beste hainbeste jaitsi bigarrenak. Edozein moduz, euskal herritarrek beren etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea dutela uste dutenak bi heren dira, eta, erreferendum adostu batean, euskal estatu baten aldeko botoa emango lukete hamar herritarretik lauk.

Erabakitzeko eskubideari dagokionez, hamarretik zazpik babesten dute Hego Euskal Herrian, eta kontrakoak bostetik bat baino gutxiago dira eremu guztietan. Atal horretan, eta erabakimenarekin lotuta, adierazgarria dira galderetako bati emandako erantzunak; Next Generation diru funtsari buruz galdetu dute naziometroaren bigarren neurketan, eta hegoaldeko hiru herritarretik bik nahiago dute Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua izatea Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroarako dirua negoziatzen dutenak; aldiz, bostetik batek (%19) uste dute Espainiako Gobernuak negoziatu behar duela.

Lehen naziometroan agertutako joera bat berresten du bigarren neurketak: ez dela gauza bera independentziaz bere hutsean galdetzea edo erreferendum adostu batean euskal estatuari buruzko boto asmoaz itauntzea. Izan ere, independentziaren alde daude galdetutakoen %27 eta kontra %42, baina bestelakoa da indar korrelazioa erreferendum batean euskal estatu bati buruzko iritzia emateko aukeraz galdetzean; kasu horretan, gehiago dira aldekoak (%39,5) kontrakoak baino (%29,5). Haatik, udazkeneko neurketan %42,5 ziren aldekoak.

Ez da aurreneko iritzi bilketak azaleratu eta bigarrenean berretsitako hipotesi bakarra. Izan ere, iazko abenduan zabaldutako datuek aditzera ematen zuten euskal estatuaren aldeko eta kontrako jarrera dela, etaa priori alde edo kontra agertzen direnak prest daudela beren iritzia aldatzeko euskal estatu horren nolakotasunaren arabera; adibiderako, kontra daudenen %45-50 euskal estatu baten alde leudeke horrek eragingo balu «enpresa handiak erakartzea”, «egungoa baino pentsio sistema hobea» izatea edota «egungo politika ekologikoak baino hobeak» garatzea (%31,5k babestuko lukete euskal estatu bat euskara gehiago babestuko balu). Kontrakoa ere gertatzen da; euskal estatuaren aldekoak desados leudekeela horrek eragingo balu «enpresa handiak deslokalizatzea», pentsio sistema okertzea, ingurumen politikak okertzea edo euskararen suspertzean pausorik ez ematea.

Izan ere, zer sentimendu sortarazten du euskal estatuaz hitz egiten entzuteak? Galdera hori egin diete 1.200 herritarri, eta ziurgabetasuna da erantzun ohikoena; lautik batek (%24) adierazten du sentipen hori. Haatik, baikorragoak dira gehien errepikatzen diren hurrengo aukerak: interesa (%21,9), ilusioa (%21,8) eta itxaropena (%19,9).

Etxebizitza arazo

Parte Hartuz taldeak eta Telesforo Monzon laborategiak beste gai batzuk ere aztertu dituzte bigarren inkestarako; esaterako, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan etxebizitza eskuratzeko dauden arazoen inguruko iritziak jaso dituzte. Horren arabera, iparraldean galdekatutako hamarretik zazpirentzat «arazo handia» da etxebizitzarena, eta soilik %3,9rentzat ez da arazo. Are gehiago, lautik hiruk (%74,3) uste dute urtebeteko epean zaildu egin dela etxebizitza bat alokatzea nahiz erostea. Hori dela-eta, hamarretik seik (%59,1) uste dute Euskal Hirugune Elkargoan bigarren etxebizitza bat erosteko tasak emendatu beharko liratekeela.

Bestalde, beste aztergaietako bat izan da nafarrek zer iritzi duten beren lurraldeak gainerakoekin izan beharreko harremanen inguruan, harreman ekonomikoak, osasun arlokoak, kulturalak, euskararen sustapenari buruzkoak eta hezkuntzari buruzkoak bereizita. Guztietan, multzo bat da nagusi: harreman horiek indartzeari «garrantzi handia» ematen diotenak. Handienetik txikienera ordenatuta, ordea, osasun zerbitzuetarako harremanak indartzea da lehentasuna -%57,2k ematen diote horri garrantzia handia edo erabatekoa-, eta, hurrenkeran, harreman ekonomikoak, hezkuntza arlokoak, kulturalak eta euskara sustatzeari lotutakoak.

Guztira 1.201 inkesta egin zituzten, martxoan; Araban, Bizakaian eta Gipuzkoan 589, 405 Nafarroan eta 207 Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Datuak ondoren haztatu dituzte, lurraldeen araberako biztanleriaren banaketa errealaren arabera eta bozka oroitzapena Eusko Legebiltzarreko, Nafarroako Parlamentuko edota herriko etxeko lehen itzuliko hauteskundeak kontuan hartuta.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

EAJren burukideak, BECeko Batzar Nagusian ©Monika del Valle / Foku

«Egoera berriaren erronkei» erantzun nahi die EAJk

Gotzon Hermosilla

Jeltzaleak VIII. Batzar Nagusia egiten ari dira Barakaldoko BECen

Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramailea, atzo, Eusko Legebiltzarrean. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Aukera bat» aurrekontuei

Jon O. Urain

EH Bilduk ez dio osoko zuzenketarik jarri Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari, «elkarrizketarako borondate zintzoa» erakusteko. Eskertuta erantzun du Urkulluk: «Bide berri bat irekitzen da»

Igandean egin ziren kontzejuetako hauteskundeak. Irudian, Añuako herritarrak botoa ematen. ©ARABAKO KONTZEJUEN ELKARTEA

Arabako kontzejuen %24k izango dute emakume bat lehendakari

Edurne Begiristain

Kontzejuetako administrazio batzarretako ordezkariak aukeratu dituzte. Finantzaketa, digitalizazioa, emakumeen parte hartzea eta despopulazioa izango dituzte erronka nagusi

Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburua ©Raul Bogajo / FOKU

Garamendik ez du parte hartuko Autonomia Erkidegoetako Presidenteen Konferentzian

Oihane Puertas Ramirez

Adierazi du Espainiako Gobernua hitzartutako «aldebiko akordioak behin eta berriz ukatzen» ari dela, eta Sanchezen Gobernuari eskatu dio bete dezala Eusko Jaurlaritzarekin «hitzartutakoa». Garamendik nabarmendu du ez dutela onartuko «Eusko Jaurlaritza gutxiestea».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.