Albistea entzun

Zomorroa gainetik ezin kendu

COVID Iraunkorra elkartea lanean ari da gaitza agerian jartzeko eta irizpide bateratuak eskatzeko.

Idoia Mujika eta Begoña Etxeberria, Euskal Herriko COVID Iraunkorra elkarteko kideak, pasa den astean, Errenterian. /
Idoia Mujika eta Begoña Etxeberria, Euskal Herriko COVID Iraunkorra elkarteko kideak, pasa den astean, Errenterian. / Ikerne Zarate - Gipuzkoako Hitza Tamaina handiagoan ikusi

Ikerne Zarate - Gipuzkoako Hitza -

2021eko ekainak 14 11:37

COVID-19arekin kutsatu ziren Begoña Etxeberria eta Idoia Mujika errenteriarrak, joan den azaroan. Pneumonia bilaterala diagnostikatu zioten Etxeberriari, eta Mujikari, hasieran gaixotasuna arin pasatu bazuen ere, buruko min handia azaldu zitzaion ondoren. Birusa eta hark eragindako ondorioetako batzuk haien gorputz barruan gelditu dira, azaroaz geroztik COVID-19arekin bizi dira, eta gaitzak hankaz gora jarri die bizimodua. “Abandonua” sentitzen dute, osasun erakundeen aldetik batez ere, eta bizi dutena salatu, egoera berean dauden pertsonak identifikatu, eta lagungarri eta aringarri izan dakizkiekeen neurriak eskatzeko, Euskal Herriko COVID Iraunkorra plataformara bildu dira.

Koronabirusa diagnostikatu eta hamabi astera sintomekin jarraitzen dutenak dira COVID iraunkorra daukatenak, eta berrehun sintoma zerrendatu dituzte. “Bakoitzak izan ditzake 30 sintoma lasai asko, eta gorabeherak izaten dira, joan-etorrian ibiltzen dira sintomak”, azaldu du Etxeberriak. Horietako batzuk komunak dira: nekea, kasurako. “Denok dugu, eta ezgaitu egiten gaitu”. Takikardiena da koronabirusak Etxeberriari utzi dion ondoriorik okerrena: “Berehala hasten naiz takikardiekin; bihotza ondo dago, eta ez dakite zergatik gertatzen zaidan. Nerbio sistema zentralarekin lotuta egon daitekeela uste du aztertu nauen azken kardiologoak”. Horrekin batera, esaldiak osatzeko eta hainbat hitz oroitzeko zailtasunak dituela esan du errenteriarrak.

Irizpideak bateratu nahian

Mujikak adierazi du buruko minak belarriari ere eragin diola bere kasuan. “Eta nekea etengabea da; ezin ditut lau eskailera baino gehiago igo jarraian, eta zutik ere ezin naiz egon ordubetetik gora”. Neurologikoak, arnas aparatuarenak, endokrinoak, dermatologikoak, digestiboak…, izan daitezke sintomak. “Probak eginda, dena ondo dagoela ikusten dute, baina sintomak hor daude”. Eta horiei “askotariko sintoma txikiak” gehitu behar zaizkiela gogoratu du Mujikak. Horren aurrean mediku bakoitzak “ezberdin” jokatzen duela salatu du Etxeberriak.

Gaixoek arreta bateratua jaso dezaten, eta mediku guztiak irizpide berberetan oinarritu daitezen, maiatz hasieran Long COVID gida plazaratu zuten Espainiako Estatuko 48 elkargo zientifikok, lehen arretako hainbat sendagilek, eta tokian tokiko Long COVID plataformek, elkarlanean. Osasun etxe guztietara helarazi dute gida, sendagile guztiek berdin joka dezaten COVID iraunkorreko pazienteekin. “Hori da gure eskaera garrantzitsuena, COVID unitateak sortzearekin batera”.

Egoera berean zenbat jende egon daitekeen jakitea ezinezkoa dela diote biek. Espainiako Estatuan, 500.000 lagun izan daitezke: “Baina ez dakigu, adibidez, Errenterian zenbat dauden. Horregatik, udalari eskatu diogu COVID Iraunkorra ikusarazten laguntzeko”. Joan den hilabetean bildu ziren Aizpea Otaegi alkatearekin, elkartearen berri eman eta laguntza eskatzeko. Eskaera zehatzak egin ditu plataformak: COVID unitatea sortzea, kasuak ikertzea, eta gaixotasuna dutenen lan egoera zehaztea: “Elkartean badugu koronabirusaren lehen olatuko jendea ere, hamabost hilabete daramatzate gaixoaldian. Gizarte Segurantzatik deitzen diete urtebete pasatzen denean, eta jendea lanera itzularazten ari dira, sintomekin. COVID ondoko sindromeaz hitz egiten dute sendagileek, baina gaixo agirian ez dute hori jartzen”, azaldu du Mujikak. Beldur dira fibromialgia, neke kronikoaren sindromea edo sentsibilitate kimikoaren sindromea bezala, COVID ondoko sindromea ere zaku berean sartuko ote duten: “Hori saihestu behar dugu; jende asko izango gara, gehienak gazteak, lanerako adinean gaudenak, eta emakumeak”. Hain zuzen ere, emakumeak dira Long COVID diagnostikoarekin bat egin duten gehienak.

Ezjakintasuna

Gaitzaren gaineko ezjakintasunari, beraz, lan egoerari buruzko kezka gehitu diote biek, eta irtenbideak eskatu dituzte. Sintomekin identifikatuta sentitzen diren herritarrei ere egin diete eskaera Mujikak eta Etxeberriak: “Jar daitezela harremanetan elkartearekin. Zenbat eta gehiago izan, orduan eta indar handiagoa izango dugu ikertzeko”. Posta bat jarri dute herritarren eskura: covidpersistente.euskalherria@gmail.com.

Prozesua “gogorra” izaten ari dela esan du Etxeberriak. “Ni orain hasi naiz buelta ematen. Baina ezin diozula buelta eman ikustean, kezka eta neke handia sentitzen da. Pandemiaren pandemia izango da hau, COVID-19ak utziko duen ondorioetako bat”. Gogorra izaten ari da Mujikarentzat ere: “Etxean egoten ez dakiten horietakoa naiz; ibiltzera joaten nintzen lantokitik irtetean. Orain ezin dut halakorik pentsatu ere egin, ia bost hilabete daramatzat oinez ibili gabe”. Zorabioak izan ditu, bertigoak… “Hilabete da ibiltzen hasi naizela; hamar minutu, ordu laurden bat, ordu erdi bat… Amorrua sentitzen dut, eta kudeatu egin behar da hori”.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Etxeratzeko agindua Nafarroan abuztuaren 5era arte luzatzea onartu du justiziak

Etxeratzeko agindua Nafarroan abuztuaren 5era arte luzatzea onartu du justiziak

Arantxa Iraola

Gainerako murrizketak irailaren 2ra arte luzatzea onartu du; hamar pertsonatik gora ezingo dira elkartu, eta jai giroko ekitaldi asko galarazita egongo dira aurrerantzean ere

Esako urtegia. ©JESUS DIGES / EFE

Esa: bi hamarkada mamuaren itzalpean

Ion Orzaiz

Hogei urte igaro dira Esako urtegia handitzeko lanak hasi zirenetik. Denbora horretan, lanen aurrekontuaren neurri berean handitu dira segurtasunari buruzko kezkak eta kontrako iritziak. Adituen ustez, lanak amaituta ere, «urtegia ez da inoiz beteko».
COVID-19a atzemateko testak, laborategi batean. ©Elvis González, EFE

Eguneko positiboak 2.000 kasuren langatik hurbil dira berriz ere

Uxue Rey Gorraiz

Osakidetzak eta Osasunbideak beste 1.980 kutsatu detektatu dituzte asteazkeneko testetan. 57 lagun erietxeratu dituzte COVID-19ak jota.

Elkarretaratze bat, Gasteizen, eraso transhomofoboen aurka. ©Juanan Ruiz / Foku

Emakume transexual baten kontrako erasoa salatu dute Gasteizen

Berria

Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiak salatu duenez, uztailaren 22an eraso fisikoa egin zioten emakume transexual bati, Gasteizen. Lizarran ere eraso homofobo bat salatu dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.