Hainbat gazte euskaltzalek euskararen aldeko borroka indartzeko deia egin dute

Kezkatuta agertu dira euskararen egoerarekin, eta instituzio eta erakunde publikoen utzikeria salatu dute.

Gazte euskaltzaleak gaur goizean eginiko agerraldia. GAZTE EUSKALTZALEAK
Jone Bastida Alzuru.
2021eko ekainaren 12a
16:10
Entzun

Euskal Herriko hainbat gazte euskaltzalek agerraldia egin dute gaur goizean Iruñean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoretzaren aurrean, euskararen egoeraren, hizkuntzaren aurkako azken erasoen eta etorkizunaren inguruan duten interpretazioaren eta analisiaren berri emateko, eta belaunaldi gisa duten ikuspegia zabaltzeko. Euskararen inguruan duten «kezka, ardura eta gogoa» azaldu dituzte.

Arduratuta agertu dira euskararen egoeraren eta errealitatearen harira. «Kezkaz bizi dugu gure hizkuntzak atxikimenduari, bultzadari edota erabilerari dagokionez azken urteetan izan duen atzerakada. Badira zenbait datu, inkesta eta ikerketa hala diotenak». Ondorioztatu dute euskara jakitea eta ulertzea ez direla «nahikoa» hizkuntza bizirik mantentzeko.

Hilabeteotan euskaldunen hizkuntza eskubideen aurka emandako epaiak ere salatu dituzte, nahiz eta aitortu erasoaldi horiek ez direla berriak: «Sortutako zalapartak dimentsioa hartu duen arren, euskal hiztunok egunero-egunero jasaten ditugun diskriminazioen erakusleiho bihurtu dira erabaki judizial horiek». Erasoei mugimendu euskaltzaleak emandako erantzuna goraipatu dute. «Euskara alboratzeak eta gaztelaniaren eta frantsesaren derrigortasunak errotzen ditu Espainiaren eta Frantziaren proiektu politiko inposatzailea».

Horrez gainera, adierazi dute euskararen erabileraren «gainbehera» lotuta dagoela hizkuntza politikekin, eta instituzio eta erakunde publikoen «utzikeria» kritikatu dute: «Sabaia jo dute aspaldi diseinatutako hizkuntza politikek, eta, bide horretatik, lurra jotzera garamatzate». Euskaldunen eskubideak erdigunean jarriko dituzten neurri, erabaki eta politika «ausart eta eraginkorrak» eskatu dituzte.

Argi dute zein den euren helburua: euskara «biziberritzen, berpizten eta bizirik» ikusiko duen belaunaldia izan nahi dute; hots, Euskal Herrian euskaraz ikasi, lan egin eta bizitzeko eskubidea bermatua izatea. Onartu dute bidea ez dela erraza izango, baina horretan saiatuko direla, nahiz eta bidean oztopoak izan.  

Iritzi diote euskararen aurkako erasoek bere horretan jarraituko dutela, aspaldi egin zutelako «hizkuntza eskubideak urratzearen aldeko hautua». Eta bota dute erronka: «Zer geratzen zaigu, orduan, euskaldun eta euskaltzaleoi? Bada, gure esku dagoen hori indartzea: euskararen aldeko borroka».

Ekiteko garaia dela azpimarratu dute, eta beharra dagoela erasoen aurrean zutituko den mugimendu euskaltzale bat berraktibatu eta artikulatzeko. «Euskararen aldeko herri mugimendua berrosatzea dagokigu, ardura eta arduradun politikoak seinalatu eta benetako aldaketak exijituko dituena, euskararen problematika ikusarazi eta aldarrikapen borrokak proposatuz». Euskara ardatz izango duten gune sozial, politiko edota kulturalak zabaltzeko deia ere egin dute.

Azpimarratu dute urteetan hainbat izan direla euskarara gerturatzeko hautuaren atzean egondako arrazoiak, hala nola euskaraz hitz egiteko debekuei aurre egitea edota Euskal Herri euskalduna eraiki nahia. «Egun, herri gogo berritu baten bila jo behar dugu, helduleku izango den horren bila. Euskaraz duin bizitzeko bitartekoak garatu artean, euskaraz bizitzeko borondatea euskal gazterian hedatu dadin».

Gazte euskaltzaleek borroka horretan agente aktibo izateko konpromisoa hartzen dutela esan dute. «Saretzea, eragitea, kontzientzia piztea eta batzea da gorako bidea hartzeko tresnarik eraginkorrena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.