Eurokopa

Danimarkako Eriksen jokalariak konortea galdu du jokatzen ari zela, eta ospitalean da

Eurokopako B taldeko Danimarka-Finlandia partida 43. minutuan gelditu du epaileak, Eriksen ziplo erori eta gero. Jokalaria esna dagoela jakinarazi dute.

Eriksenen taldekiak kezka bizian, gaurko partidan. BERRIA
xabier martin
2021eko ekainaren 12a
19:15
Entzun

Danimarkako Eriksen jokalaria ospitalera eraman dute, baina orain minutu gutxi jakinarazi dute "esna" dagoela eta "egokortu" egin dutela, nahiz eta haren osasunari buruzko egoera zehatza ez duten jakinarazi. B taldeko Danimarka-Finlandia partida 43. minutuan gelditu du epaileak, Eriksen lurrera erori dela ikusi eta gero. Ziplo eriro da zelaira, bere taldea erasoan zela eta inork ukitu gabe. Taldekideek berehala eskatu dute laguntza egoeraren larritasunaz jabetuta, eta hegaletik joan dira erasoko jokalaria laguntzera.

Danimarkako selekzioko taldekideek inguratu egin dute Eriksen, kamera oztopatzeko. Itxura batean masaje kardiakoa egin diote, eta ziztu bizian eraman dute ospitalera jokalaria suspertu dela ikustean. Ohatilan atera dute zelaitik, izara batzuen artean, haren irudiak ez ikusteko. Taldekieen aurpegian kezka bizia islatu da une oro, eta batzuek ezin izan diote malkoei eutsi. Tentsio handiko minutuak izan dira zelaian; hamar minutuz egon dira hura suspertzeko saioan. Milango Interreko jokalariaren bizitza jokoan egon dela argi dago, baina bizirik dagoela jakinarazi du Danimarkako Federazioak. Partida bertan behera utzi du UEFAk, "larrialdi mediku batengatik", baina 20:30ean jarraituko dutela ezagutarazi berri dute. Bigarren zatia gelditzen da jokatzeko.

Eriksen, konortea berreskuratu ostean, ohatilan. @Thogden

Danimarkako 10. jokalaria Kopenhageko ospitale batera eraman dute anbulantzian. Kilometro batera besterik ez dago erietxea, eta han geratu da zenbait azterketa egiten. Eriksen lurrera erori ondoren, emakume batek salto egin du zelaira urduritasun betean. 10. zenbakia zeraman Danimarkako elastikoan, eta jokalariaren bikotekidea dela zabaldu dute. Schemeichel y Kjær Danimarkako selekzioko jokalariek gelditu dute, eta lekutik aldendu dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.