Euskal Herri osoan aztergai dute uztailean kanpoaldean maskararik gabe ibili ahal izatea

Maria Txibite Nafarroako lehendakariak eta Jerome Salomon Frantziako Osasun zuzendariak iradoki dute litekeena dela neurri hori bertan behera geratzea datorren hilabetean. Eusko Jaurlaritzak ere atea zabaldu dio uda honetan maskara kentzeari.

Hainbat pertsona, Iruñean iaz, kalean maskara jantzita. IñIGO URIZ, FOKU
Jon Ordoñez Garmendia - Paulo Ostolaza
2021eko ekainaren 14a
11:28
Entzun

Baliteke uztaila hilabete erabakigarria izatea maskararen erabilerari dagokionez. Frantziako eta Hego Euskal Herriko agintariek iradoki dute litekeena dela hilabete horretan bertan behera geratzea kanpoaldean maskara derrigorrez jartzeko agindua. Oraindik, ordea, ez dago erabakirik hartuta. Hegoaldean herritarren %50 txertatuta dago jada, eta uztailaren 12rako ia %70era iristea espero da.

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gaur esan du Jaurlaritzaren iritziz kanpoaldean maskara erabiltzen jarraitu behar dela, baina pandemiaren bilakaerak onera egiten badu lehenago amaituko dela araua. Ez du eperik eman nahi izan, eta hori datuek esango dutela adierazi du: «Gaur, lehen aldiz, intzidentzia tasa 150etik beherakoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; ea datorren asteetan zer gertatzen den».

Atzo, berriz, Jerome Salomon Frantziako Osasun zuzendariak RTL irratian iradoki zuen balitekeela uztailaren 1ean geratzea bertan behera agindu hori. Elkarrizketa horren ondoren, baina, Osasun Ministerioak ohar batean adierazi zuen ez dutela oraindik erabakirik hartu. «Aditu zientzialariek ekainean erabaki beharko dute arau horren inguruan», zehaztu zuen.

«Dena ondo badoa, ekainaren 30ean hainbat neurri kenduko dira, egoera egokia bada horretarako», esan zuen Salomonek. Gaineratu zuen, ordea, barrualdeetan erabili beharrekoa izango dela maskara, eta horrekin batera beste osasun neurri batzuk mantenduko direla: eskuak garbitzea, distantziak mantentzea eta jende pilaketa handia dagoen lekuetan arreta izatea.

Maria Txibite Nafarroako lehendakaria ere antzera mintzatu zen atzo Radio Euskadin egin zioten elkarrizketan. Esan zuen txertaketa kanpaina aurreikusi bezala gauzatzen bada, eta balitekeela uztailean bertan behera uztea kanpoaldean maskara erabiltzeko agindua: «Denok gaude maskara kentzeko gogoz, eta frogatu da kanpoaldea barrualdea baino seguruagoa dela. Uztailean kendu ahal izango dugula espero dezakegu, baina txertaketak eta intzidentzia tasak esango dute ahal izango den».

Txibitek azaldu zuen maskararen erabilera Espainiako lege batek derrigortzen duela, eta Espainiako Gobernuak utzi beharko duela lege hori bertan behera (Iparraldearen kasuan, Frantziakoak). Edonola ere, aurretik Lurraldeen Arteko Kontseiluan hitz egin beharko litzatekeela gaineratu zuen. Haren hitzetan, okerrena pasatu da; txertoak funtzionatzen ari dira; 60tik gorako pertsonetan ia ez dago positiborik, eta ospitaleetako okupazioa %25ekoa da.

Lehendakariak zehaztu zuen Nafarroako Gobernuak nahiago duela herritarrek haien osasun etxean hartzea txertoa, eta ez oporretan dauden lekukoan, txertoak eskualde bakoitzeko herritarren arabera banatzen direlako, eta ez turista kopuruaren arabera. Esan zuen, edonola, Nafarroan txertoa hartzeko txanda aukeratu egin litekeela, eta ez dagoela zertan hartu opor garaian.

Txibitek gaineratu zuen ostalaritzako edukierak eta ordutegiak ere arinduko dituztela, baina ez zuen zehaztu nola. Gaineratu zuen aste honetan Gobernua ostalariekin bilduko dela, eta udara begira «trantsizio bat» egingo dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.