Bielorrusia

Protasevitxen agerraldi behartua

Bielorrusiako agintariek bultzatuta, prentsaurrekoa eskaini du maiatz amaieran atxilotutako kazetariak; aitortu egin ditu egozten dizkioten delituak.

Roman Protasevitx kazetaria, Bielorrusiako Gobernuko ordezkariekin batera, atzo, Minsken. EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko ekainaren 15a
11:31
Entzun

Joan den maiatzaren 23an atxilotu zuten Bielorrusiako agintariek Roman Protasevitx kazetaria, Minsken. Operazioak nazioarteko kritikak eragin zituen, kazetari bat atxilotzeagatik, hura atzeman ahal izateko Greziatik Lituaniarako bidea egiten ari zen Ryanair konpainiako hegazkina desbideratu zutelako, bonba abisu bat zegoela esanez. Airekoa lurreratu bezain pronto, ordea, Protasevitx eta haren bikotekide Sofia Sapega atxilotu zituzten segurtasun indarrek. Geroztik, KGBren espetxe banatan daude biak.

Atzo iluntzean, ezustean, prentsaurrekoan agertu zen Protasevitx, ondo zegoela eta leporatzen zizkioten delituak aitortzen zituela esanez, Agerraldia Bielorrusiako agintariek antolatu zuten, eta deialdian soilik aurreratu zuten hegaldiarekin lotutako informazioa ematea zela asmoa. Prentsaurrekoa hastear zela, ordea, 26 urteko kazetariaren izena zuen txartela jarri zuten antolatzaileek mahai gainean. Ordurako kazetari ugari zegoen bertan bilduta, tartean nazioartekoak. Horietako askok aretoa uztea erabaki zuten, agerraldia «engainu bat» zela iritzita. Berdin egin zuten Mendebaldeko diplomazialari ugarik ere.

Kazetariak esan zuen aitortzen zuela herrialdeari «kalte» egin izana, eta horregatik zegoela preso. Protasevitx Telegram mezularitza aplikazioko Nexta kanalaren sortzaile eta zuzendarietako bat izan zen, eta kanal hori baliatu zuten oposizioko jarraitzaileek Aleksandr Lukaxenko presidentearen aurkako protestak antolatzeko. Hori dela eta, «ekintza terroristetan» parte hartu dutenen zerrendan sartu zuten iazko azaroan. Delitu horrengatik heriotza zigorra jaso dezake.

Atzoko agerraldian, ikerketa buru Dmitri Gorak jakinarazi zuen istiluak eta gobernuaren aurkako mobilizazioak bultzatzeaz akusatu dutela Sapega. Horrez gain, agintariek prentsaurrekoa baliatu zuten berresteko Ryanair konpainiaren erabakia izan zela hegazkina Minskera desbideratzea, eta haiek soilik arriskuaren berri eman ziotela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.