Europako Batasuna

Next Generation ordaintzeko lehen 20.000 milioiak lortu ditu EBk

Eskaera eskaintzaren halako zazpi izan denez, interes txikia ordainduko du: %0,06. Hamar banku operaziotik kanpo utzi ditu EBk

Johannes Hahn Aurrekontu komisarioa eta Ursula Von Der Leyen Batzordeko presidentea, gaur. STEPHANIE LECOCQ / EFE
2021eko ekainaren 15a
20:10
Entzun

Proiektu bat izateari utzi eta errealitate bat izaterako urratsa egingo du asteon Europako Batasuneko Next Generation EU planak. Hurrengo urteetan, 2026ra arte, Europako Batasunak 750.000 milioi euro gastatuko ditu ekonomia sustatzeko, eta, batez ere, digitalizioaren eta trantsizio energetikoaren erronkei erantzuteko. Plan horretarako diruak gaur bertan hasi da biltzen: zor merkatuetara jo du, eta 20.000 milioi eskuratu. Eskari handia jaso du inbertsiogileen aldetik —142.000 milioi euro eskaintzera iritsi ziren—, eta, horri esker, interes txikia ordaindu beharko du Europako Batzordeak: hamar urtez,  %0,06.

Guztira, 2026 bitartean 800.000 milioi euro jasoko ditu merkatuetan EBk. Horietatik, hamarren bat aurten bertan jasoko du. Abuztuko oporren aurretik hiru aldiz joko du, eta, irailetik aurrera, bonu berdeak ere eskainiko dizkie inbertsiogileei. Gastu ,  sozialak eta ingurumenaren aldekoak finantzatzeko jaulkitzen direnei deitzen zaie bonu berde, eta gero eta eskaera handiagoa dute. Eusko Jaurlaritzak berak apirilean egin zuen bere bosgarren eskaintza. Bruselaren asmoa da 270.000 milioi euro eskuratzea bonu berdeen bitartez.

Next Generation finantzatzeko zorra jaulkitzea urrats garrantzitsua da EBren historian, nahiz eta ez den lehen aldia merkatuetara jotzen duela bere beharrak finantzatzeko. Azken hilabeteetan, esaterako, zorraren bitartez pagatu du koronabirusarekin lotutako beste programa bat, SURE izenekoa. Plan hori izan da enpleguari eusteko programak finantzatzeko, ABEE aldi baterako enplegu erregulazioak (Hegoaldean) eta lanaldi partziala (Iparraldean). 100.000 milioi euro jarri zituen batzordeak estatukideen esku, baina azkenean 90.000 milioi baizik ez ditu erabiliko, estatukide batzuek ez dituztelako haien esku utzitakoak erabili nahi izan.

Diru gehien Espainiak jaso du, 21.300 milioi eurotik gora. «Istorio arrakastatsua» izan dela nabarmendu du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, haren bitartez 30 milioi langilek eta 2,5 milioi enpresak laguntza jaso dutelako.

Betoa hamar bankuri

Gaurko zor jaulkipena bankuen bitartez egin zuen (jaulkipen sindikatua) Europako Batzordeak. Horrela deritzo jaulkitzaile batek bankuen esku uzten duenean inbertsiogileak bilatzeari, komisio baten truke. Hamar banku hautatu zituen horretarako, Santander eta Dankske Bank buru zirela. Baina hautatutako bankuen artean hutsune esanguratsuak daude: Deutsche Bank, Barclays, Credit Agricole... Izan ere, Europako Batasunak hamar banku zigortu nahi izan ditu, iraganean lehiaren aurkako operazioetan parte hartu zutelako. «Batzordeak irizpide zorrotzak erabiliko ditu bermatzeko harekin lan egiten duten entitateak egokiak direla EBrekin elkarlanean aritzeko», azaldu dio bozeramaile batek Financial Times egunkariari.

Horrela, Bank of America, Natixis, Nomura, NatWest eta UniCredit kanpoan utzi ditu, EBren  maiatzeko ebazpen batek frogatutzat jo zuelako bonuen prezioa adosteko kartel batean parte hartu zutelako eurogunearen zorraren krisian.

NatWest bera, Citigroup, JP Morgan eta Barclays, berriz, zigortu ditu 2007 eta 2013 artean dibisen salerosketa merkatuan lehiaren aurkako jokaera izan zutelako. Deutsche Bank eta Credit Agricole, berriz, apirilean jaso zuten zigor baten ondorioz geratu dira sindikatutik kanpo.

Enkanteetan berriro parte hartu aurretik, zigortu zituzten arrazoiak zuzentzeko nahiko neurri hartu dituztela egiaztatu beharko dute bankuek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.