Ekialde Hurbila

Gaza bonbardatu du Israelgo armadak

Hiru misil jaurti dituzte gerra hegazkinek. Lehen erasoaldia izan da, maiatzaren 21ean adostutako su-etenaz geroztik.

Gazte palestinar bat atz Betleemengo protestetan. ABED AL HASHLAMOUN, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko ekainaren 16a
11:24
Entzun

Israelgo eskuin muturrak sustatutako Banderen martxari erantzunez su puxikak jaurti zituzten atzo iluntzean Gazatik hesiaren beste aldera. Goizaldean heldu da Tel Aviven erantzuna. Hiru misil jaurti ditu armada juduak Gazaren aurka. Haietako bi Maan inguruan erori dira, Khan Yunis hegoaldean. Hirugarrena, berriz, Gaza hirian, maiatzeko bonbardaketen jotako eremuetako batean.

Hain zuzen ere, Naftali Bennett lehen ministroak agintea hartu ostean agindu duen lehen erasoaldia izan da. Baita, maiatzaren 21ean adostutako su-etenaz geroztik egiten duten aurrenekoa ere. Hamabi urtez gobernuburu izan den Likudeko buru Benjamin Netanyahu oposizioan den honetan, Bennettek ezin izan du besoak gurutzaturik geratu Hamasen atzoko erantzunaren ostean, baina hari ere ez zaio gehiegi interesatzen une honetan maiatzekoa bezalako beste erasoaldi handi bat abiatzea, ez behintzat kargua hartu berritan.

Wafa albiste agentziaren arabera, bonbardaketek ez dute biktimarik eragin, bai, ordea, kalte materialak. Horri gehitu behar zaio maiatzeko erasoaldiaz geroztik Isrelek itxi egin dituela Hamasen kontrolpeko eskualderako sarrera irteerak. Ondorioz, herritarrek arazoak dituzte eraikuntzarako materiala edo botikak eskuratzeko. Argindarra bera ere ordu gutxi batzuetarako soilik dute Gazako palestinarrek.

Zisjordanian ere kontrol zorrotzak jarri dituzte azken orduetan. Goizaldean militarrek Qalqiliyarako sarrera irteera guztiak blokeatu dituzte inolako azalpenik eman gabe.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.