Energia

Bilbo parean itsasoko hiru haize errota jarriko dituzte 2025ean

Teknologia berezia erabiliko dute: ez dira lurrera ainguratuta egongo, euskal kostaldearen berezitasunak direla eta. Asmoa dute aurtengo udazkenean prototipo bat jartzea, Armintzan.

Jarri nahi dituzten erroten prototipo bat. SAITEC
jokin sagarzazu
2021eko ekainaren 17a
11:46
Entzun

Saitec taldeak itsasoko hiru haize errota jartzeko proiektu pilotu bat aurkeztu du. 2025ean jarri nahi dute martxan, kostaldetik 10 kilometrora, Bilbo parean. 15 megawatteko hiru haize errota izango lirateke.

Haize errota horien bereizgarri nagusia plataformak dira; bereziak dira, ez baitaude lurrera ainguratuta. Saitecek berak garatu du teknologia, euskal kostaldearen berezitasunetara egokitzeko. Azpiegitura horiek kostaldetik gertu egon behar dute, sarera konektatzeko, baina, horretarako, sakonera txikiak behar dira, eta hori ez da euskal kostaldearen eta beste batzuen kasua.

Geroa du izena egitasmoak, eta ostegun honetan aurkeztu dute, Madrilen egindako kongresu batean. Taldeak jakinarazi du dagoeneko hasia duela ingurumen inpaktuaren ebaluazio prozesua.

Bilboko Portuan eraikitzen ari diren 2 megawatteko prototipoaren jarraipena da Geroa; euskal kostaldean jarriko den lehen haize errota da hori, Armintzako (Bizkaia) kostaldetik bi kilometrora egongo da, probetan. Iazko ekainean sinatu zuten akordioa Saitec talde bizkaitarrak eta Biscay Marine Energy Platform (Bimep) enpresa publikoak. Iragarri zutenez, asmoa da aurtengo hirugarren hiruhilekoan martxan jartzea. 2.000 etxerentzako energia sortuko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.