Musika klasikoa

Euskadiko Orkestrak 21-22 denboraldia aurkeztu du, «inoizko garrantzitsuena»

Programazio «optimista» bat ondu dute: Brahmsekin hasiko dira, irailean, eta Wagner, Bartok eta Elgar batzen dituen proposamenarekin bukatuko dute, ekainean. Abendutik aurrera murrizketak arindu ahal izatea espero dute

Euskadiko Orkestraren 21-22 denboraldia aurkeztu dute goizean Robert Treviño zuzendari titularrak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultur sailburu eta orkestrako presidenteak eta Oriol Roch zuzendari nagusiak, Donostian. JAGOBA MANTEROLA/ FOKU
amaia igartua aristondo
2021eko ekainaren 17a
15:17
Entzun

Euskadiko Orkestrak 21-22 denboraldia aurkeztu du gaur goizean, Donostiako Kursaalean. «Itzulerarako deia» izateko helburuarekin, «inoizko programaziorik garrantzitsuena» egin dutela nabarmendu du Robert Treviño zuzendari titularrak, eta proposamenek oro har duten «optimismoa» azpimarratu du Oriol Roch zuzendari nagusiak: «Berreraikitzeko eta berpizteko denboraldia da, baita entzuleak eta haien konfiantza berreskuratzekoa ere». Irailaren 27an hasiko da, Iruñeko Baluarte auditoriumean, Brahmsen konposizioekin, eta ekainaren 8an bukatuko da, Bilboko Euskalduna jauregian, Elgar, Bartok eta Wagner batzen dituen ikuskizunarekin.

Denboraldi berriaren aurkezpenarekin bat egin du aurtengoaren bukaerak —Gasteizko Principal antzokian itxiko dute arratsaldean, Schoenberg, Rakhmaninov eta Mendelssohn uztartzen dituen New York saioarekin—. Kointzidentzia aipatu dute aurkezpen prentsaurrekoan, eta, era berean, ezinbestean gogorarazi dituzte azken hilabeteetan izandako oztopoak. 2020ko udaberrian itzuli ziren lanera orkestrako kideak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu eta Euskadiko Orkestrako presidenteak azaldu duenez, eta harrezkero etenik gabe aritu dira: «Ahalegin berezia egin dute: musikari gutxiago aritu dira lanean, elkarrengandik urrunago egon behar izan dute ikuskizunetan, eta, ondorioz, beste modu batera jo behar izan dute musika. Emaitza bikaina izan da». Halaber, edukiera murrizketak medio, emanaldiak «ia bikoiztu» behar izan dituztela adierazi du Rochek: 50 inguru programatu ohi dituzte denboraldi bakoitzean, eta 98 egin dituzte, guztira, bukatzear dagoenean.

Hurrengo denboraldia ere modu berean hasiko dute, zuzendari nagusiak azaldu duenez: lehen bi abonu programetan —Brahms Fest eta Txaikovskirenean—, ikuskizunak bikoiztu egingo dituzte, eta 600 laguneko edukiera izango du emanaldi bakoitzak; abendutik aurrera, ordea, murrizketa gutxiago izatea espero du Rochek. Horiek horrela, denboraldi «progresiboa» ondu dute: pandemiak arintzera joko duela aurreikusten dute, eta neurriak aldatu ahala beste horrenbeste egin ahal izango dute proposamenekin, batik bat ikusle eta emanaldi kopuruei dagokienez.

«Musika ezohikoa»

Entzuleek «ikas» dezaten ere badu xede programak, Treviñoren hitzetan: «Ezohikoa den musika aurkeztu nahi dugu». Ildo horretatik, sortzaile berriei ere tokia eskainiko diete. Alabaina, konpositorerik «apreziatuenetariko eta sendoenetariko» bat nabarmentzen da proposamenean: Johannes Brahms. Denboraldia harekin hasiko dute: irailaren 27tik urriaren 13ra egingo dituzten hamar saioetan, Brahmsen sinfonia guztiak joko dituzte, baita Biolinarentzako eta biolontxeloarentzako kontzertua eta Pianoarentzako 1. eta 2. kontzertuak ere.

Rochen arabera, Brahms «erronka bat» da Euskadiko Orkestra osatzen dutenentzat: «Robert Treviñorentzat, talde tekniko eta administratiboarentzat...». Eta, hala ere, bi programa eskainiko dizkiote datorren kurtsoan. Martxoaren 23tik apirilaren 1era bitarte, Requiem joko dute, Ainhoa Arteta sopranoaren, Michael Nagy baritonoaren eta Iruñeko Orfeoiaren laguntzarekin, eta Georg Marken zuzendaritzapean. Pandemiak zapuztu zizkien saioak iaz, eta 21-22 denboraldirako berreskuratu dituzte.

Bertan behera utzi behar izan zuten, halaber, Gustave Mahlerren 2. Sinfonia, Berpizkundea izenekoa. 19-20 denboraldia ixteko programatu zuten, eta, azkenean, 2021eko apirilaren 29tik 6ra bitarte egingo dute, denbora tarte nahikorekin, maskararik gabe kantatu ahal izango dutela bermatzeko. Treviñok zuzenduko ditu saioak, eta Sarah Fox sopranoa, Justina Gringyte mezzosopranoa eta Donostiako Orfeoia arituko dira.

Izen berriak

Konpositore klasikoen obrak sortzaile berrienekin nahastuko dituzte zenbait saiotan. Hala, Txaikovskiren programan —urriaren 28tik azaroaren 4ra—, sortzaile errusiarraren 1. eta 3. Sinfoniak ez ezik, Pascal Gaigne konpositore garaikideak ondutako bi pieza ere joko dira, Urrutiko arimak eta Urruneko azalak. Gaignek bitan zatitu du lana: partiturek «nahasitako puzzle» bat sortzen dutela azaldu du Rochek, «etorkizunean biak batera interpretatu ahal izango direlakoan».

Abenduaren 3tik 10era Xostakovitxen 10. Sinfonia joko dute, eta, horrez gain, harparako zenbait pieza ere interpretatuko ditu Xavier de Maistrek, «munduko harpa jotzailerik onena», zuzendari nagusiaren iritziz. Ondoren, Beethoven, Bartok eta Merah bilduko dituzte otsailaren 5etik 10era bitarteko programan; Mei-Ann Chenek zuzenduko du orkestra, eta Varvara arituko da pianoan.

Bernsteinen West Side Story interpretatuko dute otsailaren 21etik 25era, eta, harekin batera, Tian Zhou konpositorearen Orkestrarako kontzertua. Rochek azaldu duenez, «bere garaiko Bernsteintzat» jo dute Zhou AEBetan, non «oso hedatua dagoen» haren musika. Martxoaren 10etik 15era Beethovenen 8. Sinfonia eta Berliozen Sinfonia fantastikoa joko dituzte, Pinchas Steinbergen zuzendaritzapean. Dvoraken programak, aldiz, egun bakarra izango du: apirilaren 9an konpositorearen Mundu berria sinfonia interpretatuko dute, Smetanaren Saldutako neskalaguna eta beste hiru dantzarekin batera, Pietari Inkinen zuzendari dutela.

Treviñok zuzenduko ditu denboraldiko azken bi programak: Dutilleux, Elgar eta Catalan uztartuko dituzte azken aurrekoan, maiatzaren 13tik 20ra bitartean, eta Asier Polo biolontxelo jotzaileak hartuko du parte; Elgar Bartokekin eta Wagnerrekin batuko dute azkenengoan, ekainaren 2tik 8ra, eta Pinchas Zukermanek joko du biola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.