Albistea entzun

Oporrak Euskal Herrian

Arbizuko Borden Ibilbidea

Ganaduzaleek azienda udan eta neguan babesteko erabili ohi zituzten lau borda ezagutu daitezke ibilbidean. 13 km eta erdiko txango bat da, eta Irutxingo izeneko koba ere bisitatu daiteke bidean.

Borden Ibilbidea, historiaz, ondareaz eta naturaz gozatzeko txango ederra da.
Borden Ibilbidea, historiaz, ondareaz eta naturaz gozatzeko txango ederra da. ARBIZUKO UDALA

Arbizun, inguruan izandako artzaintzaren eta bizimoduaren isla garbia den ibilbide bat dago: Borden Ibilbidea. Hain zuzen, ibilbide horri esker, herriak Aralarren dituen lau borda ezagutzeko aukera dauka bisitariak: Sandindegikoa, Herriaren Borda, Artabakarkoa eta Mezeriaingoa. Garai batean, ganaduzaleek borda horiek abereak udan berotik eta neguan hotzetik babesteko erabiltzen zituzten, hala nola udan behiak eta neguan behorrak.

Ibilbide zirkularra da, Arbizun bertan hasi eta amaitzen dena. 13 km eta erdiko luzera du, eta desnibela 650 metro ingurukoa da. Altuerarik handiena 1150 m da. Gaur egun, Mezeriaingo borda aterpe gisa erabiltzen dute mendizaleek eta inguruan dabiltzanek. Ibilbidea hasi eta 7 km-ra dago aterpea. Gutxi gorabehera, 4 ordu eta erdi behar dira bidea osatzeko. Gainera, ibilbidean hiru iturri eder daude, nahi duenak botila ur freskoz bete ahal izateko. Bidea bera txundigarria da, eta bordak oso egoera onean daude. Edertasun horrez gain, kobazulo polit bat dago bidean bertan: Irutxingo koba.

Historia eta ondarea

Borden, iturrien eta bidean aurkitzen diren altxorrez gain, zapaltzen den lurrak ere badu bere historia. Izan ere, markatutako xenda garai batean kontrabandoan aritzen zirenek jarraitzen zuten ibilbide bera da. Orain dela 8-10 urte, inguruko udalak bidezidor horiek berreskuratzeko lanetan hasi ziren, eta, lan horri esker, bisitariak ikus eta imajina dezake garai batean nola ibiltzen ziren herritarrak bertan aurrera eta atzera ezkutuan, ihesi.

Borden Ibilbidea, beraz, historiaz, ondareaz eta naturaz gozatzeko ibilbide ezin hobea da. Hori guztia, gainera, Beriain mendiaren magalean. Txangoa borobiltzeko, bisitaria Arbizuko tabernetara joan daiteke, indarberritzera eta herriko jendeaz eta giroaz disfrutatzera.

Informazio gehiago, www.arbizu.eus webgunean.

Albiste gehiago

Eraldaketa digitala. ©OREKA IT

Eraldaketa digitalaz eta desagertu egingo diren enpresez

Oreka IT

Gaur egun ezagutzen dituzun enpresen erdiak baino gehiago ez dira existituko hamar urte barru. Zeintzuek iraungo duten antzemateko gakoak askotarikoak eta lausoak dira, baina badaude argi ikusi daitezkeenak ere, digitalizazioa adibidez.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Arbizuko udala

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.