Martxoaren 8an Iruñean atxilotutako feminista deklaratzera deitu dute

Nafarroako mugimendu feministak elkarretaratzera deitu du ekainaren 30ean Nafarroako Justizia Plazan. Prozedura artxibatzeko eskatu dute.

Nafarroako mugimendu feministako kideak, Nafarroako Parlamentuaren aurrean egindako agerraldian. IñIGO URIZ / FOKU
Olaia L. Garaialde.
2021eko ekainaren 18a
13:09
Entzun

Errepresioari autodefentsa feminista! lelopean, Nafarroako mugimendu feminista osatzen duten kolektiboek elkarretaratzera deitu dute, ekainaren 30ean, Nafarroako Justizia Jauregiko plazan. Martxoaren 8ko mobilizazioen harira, emakume bat deklaratzera deitu dute autoritatearen kontrako atentatua egotzita. Irati Ornat Nafarroako mugimendu feministako kideak esan du «Nafarroako (in)Justizia Auzitegitik» igaro behar den kideari «indarra» eta «elkartasuna» helarazi nahi diotela. Horrez gain, sistema judizialaren akats batzuk salatu dituzte: «Injustizia diogu bai, feministek badakigulako beren justiziak zigortu eta biktimizatu egiten gaituela».

Martxoaren 8an kalera atera ziren sistema «matxista, arrazista, kapitalista, heteropatriarkal eta kapazitistaz nazkatuta» daudelako. Nafarroako Parlamentuaren aurrean, protesta bat egin zuten. Ekintzaren helburua zen Parlamentuari eta Nafarroako Gobernuari bizitzak erdigunean jartzeko «benetako» konpromiso politikoa ekarriko duen promosamenak helaraztea.

Bertan lau kide kateatu ziren eta ondorioz, «mozal legean babestuz» isun proposamena ezarri zietela salatu dute eta lege hori indargabetzea eskatu dute. Horrez gain, bertan zeuden feministak «jipoitu» eta bi kideek laguntza medikoa behar izan zutela salatu dute. Horrekin batera, emakume bat atxilotu zuten autoritatearen kontrako atentatua egotzita. Poliziak hartutako neurriak «guztiz neurrigabeak» izan zirela salatu du Ornatek.

Hortaz, deklaratu behar duen emakumeari elkartasuna adierazteko eta gertakaria gaitzesteko elkarretaratzea deitu dute ekainaren 30ean, 09:30ean Nafarroako Justizia Jauregiko plazan. Horrekin batera, prozedura artxibatzeko eskatu dute: «Ezin ditugu akusazio horiek onartu, eta ez dugu onartuko inolako errepresio-ekintzarik gure ekintza eta militantzia politikoaren gainean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.