Eskualde bozak

Batasun Nazionala bigarren da eskualdean, eta bosgarren Euskal Herrian

Alderdi sozialistako hautagaiak eskualdeko bozen %28,65 lortu ditu. Batasun Nazionala ere bigarren itzulian izango da, eskualdeko bozen %18,2 lortuta; Euskal Herrian, baina, emaitza aski apalagoa du zenbatutako botoen arabera. Abstentzioa nehoiz baino handiagoa izan da.

Alain Rousset hauteskunde kanpainan, Baionan. PATXI BELZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko ekainaren 20a
20:45
Entzun

Akitania Berria eskualdeko kontseilua hautatzeko bozen lehen itzulia izan da igandean Ipar Euskal Herrian. Abstentzio handia izan da, nehoiz baino handiagoa: lehen emaitzen arabera, hautesleen %65ek ez dute bozketan parte hartu. Zortzi zerrendak hartu dute parte lehian. PS alderdiko Alain Rousset hautagaiak irabazi du lehen itzulia, hautesleen %28,65en babesa eskuratuta. Bigarren izan da Batasun Nazionaleko Edwige Diaz hautagaia, bozen %18,2rekin. Bigarren itzulian izanen dira biak.

Genevieve Darrieussecq Martxan-Modem koalizioko ordezkariak bozen %13,59 eskuratu ditu, eta Nicolas Florian Errepublikanoetakoak, %12,51. Nicolas Thierry EELVren hautagaia gelditu da bosgarren, bozen %12,01 jasota. Horiek ere bigarren itzulian izateko aukerekin dira, baina itzuli horretara aurkezteko negoziazioen mende. Eddie Puyjalonek bozen %7,3 jaso ditu Akitania Berrian, eta Frantzia Intsumisoko Clemence Guettek, %5,67. LOko Guillaume Perchetek bozen %1,74 baizik ez ditu lortu.

Euskal Irratiek eta BERRIAk Euskal Herriko botoak zenbatu dituzte, eta, Zuberoako herri batzuetakoak zenbatzeke dauden arren, garbi ikusten da Roussetek irabazi duela hiru probintzietan ere. Botoen %24 ditu behin-behineko emaitza horien arabera. Bigarren indarra, Akitania Berrian ez bezala, Nicolas Thierry berdea da; emaitza aipagarria lortu dute berdeek Ipar Euskal Herrian. Batasun Nazionaleko ordezkariak, ordea, askoz emaitza txarragoak izan ditu Euskal Herrian: bosgarren da. Hirugarren eta laugarren indarrak Eddie Puyjalon —Lassalleren zerrendako hautagaia—, eta Genevieve Darrieussecq izan dira. Hauek dira eskualdeko bozen emaitzak Ipar Euskal Herriko hiru herrialdeetan, boto kopurutan, eta portzentajeetan:

Ipar Euskal Herriko herri bakoitzean eskualdetako bozetan izan diren emaitzak biltzen aritu dira Euskal Irratietako kazetariak. Azpiko taulan kontsultatu litezke boz horien emaitzak herriz herri. Herriak banaka ere bila litezke:

Kantonamenduetako bozetan, berriz, EH Bai bigarren itzulian izanen da Ipar Euskal Herriko hamabi barrutietatik zazpitan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.