Albistea entzun

Oporrak Euskal Herrian

Tolosaldeko natura eta ondarea

Naturarekin, kulturarekin eta ondarearekin zuzen-zuzenean lotuta dauden hainbat bisita egin daitezke Tolosaldean. Paisaia txundigarriz inguratuta, denetariko eta denentzako plan ederrak daude tradizio handiko eskualde honetan.

Arritzaga glaziarra itxura alpinoa duen bailara eder eta aberatsa da.
Arritzaga glaziarra itxura alpinoa duen bailara eder eta aberatsa da. TOLOSALDEA GARATZEN

Tolosaldean, begi bistakoa da naturarekin eta inguruarekin duten lotura. Tradizio handiko eskualde bat da, ohiturak eta bizitzeko moduak bizi-bizirik mantendu diren Euskal Herriko txoko bat, eta naturak hamaika ekintza eta abentura egiteko aukera eskaintzen ditu, pasaia zoragarri batean.
Guztira, 28 herrik osatzen dute eskualde hori, eta Gipuzkoako eskualdeen artean herri gehien dituena da. Kopuru handi horrek balio izugarria ematen dio eskualdeari, herri guztiek baitituzte beren ondarearen parte diren istorioak eta ezaugarriak, eta den-denak baitira Tolosaldearen altxorraren parte.

Arritzaga glaziarra

Natura maite dutenek ezin utz dezakete Tolosaldea Aralar bailaran dagoen Arritzaga glaziarra ezagutu gabe. Itxura alpinoa duen bailara eder eta aberatsa da. Izan ere, Euskadiko glaziar bakarrak utzitako arrastoak eta 900 m-ko altueran kokaturik dauden Burutzunzineko meategiaren ondarea gordetzen ditu. Ibilbide eder bat egin daiteke Aralarreko txoko hau ezagutzeko, Amezketako San Martinetik abiatuta.

Bailara horretan dauden baliabideak oso baliagarriak izan dira, eta, ondorioz, hainbat ustiapen ekimen ekarri ditu. Horiek aztarna handiak utzi dituzte paisaian: lurraren kareharrian irekitako zulo artifizialak, bokaminak, lurpeko galeriak irekitzeagatik eratorritako hondakinen metaketak… Bide zaharrak jarraituta, bisitariak azken 4.000 urteetako kobrezko meatzaitzak utzitako arrasto txundigarriak ikus ditzake.
Meategien aztarnak Arritzaga errekaren eskuineko hegalean daude. Galerietan kobreko zainak ustiatzen ziren, eta mineralak birrindu (birrindutako minerala biltegiratzeko eraikina da gaur egun ikusten dena) eta ibai ondoan garbitzen zuten (garbitzeko guneak eta makinaria gordetzeko tailerrak kontserbatzen dira). Bagonetetan kargatu, eta aireko kable bidez garraiatzen ziren Amezketara.
Gaur egun Buruntzunzingo mendi aterpe bezala erabili eta ezagutzen den eraikina meategien ustiapenaren azken fasean lan egin zuten meatzarien bizileku izan zen.

‘Argi galduaren bila’

Herriek gorde eta mantendu duten kultura ezagutzeko bisita gidatuetako bat da Argi galduaren bila. Amezketan egin daiteke, uztailaren 17tik irailaren 12ra arte, larunbatetan 18:00etan eta igandetan 12:00etan. Aurrez erreserbatzea ezinbestekoa da 657-37 01 56 telefonora deituta edo whatsapp bat bidalita. Prezioak: 3€ arrunta eta 1,5€ murriztua. Bost geldiune ditu bisitak, eta 1,5 orduko iraupena. San Bartolome elizaren atzeko aparkalekua da topagunea, eta Argizaiolak dira protagonistak: hildako omenezko kandelaren taulak. San Bartolome eliza da tradizio hori mantentzen duen azken elizetako bat. Hilobiak lurrean daude, eta senide bakoitzaren aulkia hilobiaren gainean kokatuta dago.

Argizaiolak hildakoen omenez jartzen dira. TOLOSALDEA GARATZEN

Hernioko atea

Goizerako eta arratsalderako plan berezi bat egin daiteke Alkizan eta Asteasun. Goizean egiteko zer plan da hobea mendira joatea baino? Hernio-Gazume mendi gunea Tolosaldearen bihotzaren parte handi bat da, babes bereziko gunea. Bertan, balio ekologiko handia duten hainbat habitat eta espezie ezagutu daitezke.

Alkizako plaza bertatik abiatuta, zailtasun ezberdineko lau ibilbide daude. Alkizak Hernio ingurura bisita osatzeko, Fagus Alkiza espazioa ere eskaintzen du. Espazio horretan, Hernio-Gazume babestutako eremu izatearen zergatiak ulertu, eta ibilbide gidatuak egiteko aukera ere badago.

Mendi bueltaren ostean, Alkizako Ur Mara museoa bisitatzea da aukeretako bat. Naturan murgilduta dago, eta Koldobika Jauregi artista ezagunak egindako obra ikusgarriez gozatu ahalko duzu. Eskulturen edertasuna, errekastoen xuxurla eta zuhaitzen hostoen dantzek mundu magiko batera eramango zaituzte. Ur Mara museoak familia eta ume taldeentzat tailerrak egiteko aukera ere eskaintzen du. Bisita gidatuak aldez aurretik erreserbatu behar dira 609 46 59 42 telefono zenbakira deituta edo mail@urmara.com helbide elektronikoa idatzita. Museoa ikusi eta gero, Bernardo Atxagaren literatura obretan oinarrituta dagoen Asteasuko Muskerraren bidean paseotxo bat eginda arratsalde ezin hobea igaro daiteke.

Ur Mara museoan Koldobika Jauregiren obrak daude. TOLOSALDEA GARATZEN

Informazio gehiago, www.tolosaldea.eus webgunean.

Albiste gehiago

Eraldaketa digitala. ©OREKA IT

Eraldaketa digitalaz eta desagertu egingo diren enpresez

Oreka IT

Gaur egun ezagutzen dituzun enpresen erdiak baino gehiago ez dira existituko hamar urte barru. Zeintzuek iraungo duten antzemateko gakoak askotarikoak eta lausoak dira, baina badaude argi ikusi daitezkeenak ere, digitalizazioa adibidez.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Tolosaldea garatzen

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.