Izurriteak herritarren buru osasunean eragindako ondorioak aztertzeko eskatu du EH Bilduk

Eusko Jaurlaritzak argitaratutako datuen arabera, 2020an 187 pertsonak egin zuten beren buruaz beste Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; iragan urtearen aldean, suizidio kopurua %27 handitu zen. Osasun Mentaleko zerbitzuetako kontsultek ere nabarmen egin dute gora.

Donostia Ospitaleko larrialdietako zerbitzuak, artxiboko irudi batean. MAIALEN ANDRES, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko ekainaren 22a
12:12
Entzun

«Agerikoa da COVID-19aren pandemiak inpaktu zuzena izan duela, izaten ari dela eta izango duela herritarren osasun emozional zein mentalean». Maria Garde EH Bilduko legebiltzarkidearenak dira hitzak, gaur goizean legebiltzarrean izandako agerraldian esanak. Hain zuzen ere, EH Bilduk iragarri du koalizioak eske bat eginen diola Eusko Jaurlaritzari osteguneko osoko bilkuran: izurriteak buru osasunean izandako eraginari buruzko diagnostiko «zabal eta sakon bat» egin dezala galdegin dute, «alorreko eragile eta profesionalen eskutik». Garderen esanetan, ondorioak xehetasunez ikertzea «ezinbestekoa» da osasun sistemak egokitzeko urratsak egiteko; horretarako neurriak har daitezela eskatu du EH Bilduk.

Koalizio abertzaleak eskatuta, Osasun Sailak argitara atera ditu azken urteotan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izandako suizidio kasuen gaineko datuak. Emandako informazioaren arabera, 2020an 187 suizidio kasu izan ziren hiru herrialde horietan. Lurraldeka, Bizkaian 100 pertsonak egin zuten beren buruaz beste; Gipuzkoan, 59k, eta Araban, berriz, 28k. Gorakada bistakoa dela ohartarazi du EH Bilduk, 2019an 147 kasu izan baitziren hiru herrialde horietan. Gainera, koalizioak zehaztu du Osasun Mentaleko kontsultetara jo duten lagunen kopuruak ia %13 egin zuela gora 2019tik 2020ra.

Hala, EH Bilduk kritikatu du Osakidetzaren aurrekontua eta erabiltzen den baliabide kopurua ez direla behar bezala egokitu egoeraren larritasunera. «Datu ofizialen arabera, azken hamarkadan Osasun Mentalak pisua galdu du osasungintzako aurrekontuetan. Zehazki, %10 egin du behera Osasun Sailak Osasun Mentalari bideratzen dion aurrekontuaren portzentajeak», adierazi du Gardek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.