Ikasturte bukaerako balantzea Atxuri, Mugika eta Solokoetxeko ikastetxeetan

Aitor Meaza Santos - Atxuriko eskoletako Guraso Elkartea
2021eko ekainaren 23a
14:24
Entzun

Mugika eta Atxuriko eskolek, bai eta Solokoetxeko institutuak ere, ikasturtea balorazio positiboarekin bukatu dugula azpimarratu nahi dugu. Izugarria izan da hezkuntza- komunitate osoak egin duen esfortzua. Faktore asko kontra izanik ere, ikasturtea aurrera atera dugu, gu guztion artean: irakasleen inplikazioarekin, familien ahaleginarekin, umeen aldarte ona konfinamenduak gora eta behera umorea galdu gabe eutsiz... Zoriontzeko moduko lana egin dugu. Aupa gu!
Ikasturtea 2020ko irailean zalantzaz eta beldurrez josita hasi bagenuen ere, hasieratik ikusi genuen geure auzoetako haurrek eta gaztetxoek heziketa duina eta kalitatezkoa izateko eskubidea bigarren mailako gaia zela gure agintari politikoentzat. Ikasturte hasiera aldapa gora jarri ziguten batzuek, baina lehenengo asteetatik hartu genion neurria zetorrenari, eta kalera atera ginen haurrak zein gazteak, familiak, jantokietako langileak, irakasleak... eta baita gure auzoetako auzo-elkarteak ere.
Ikasturte hasieran dena zegoen debekatuta, dena zen ezinezko eta Mugika, Atxuri zein Solokoetxetik egiten genituen eskaerak ez zuten lekurik gure agintarien agendetan. Baina, ibiltzen egiten da bidea, eta halaxe egin dugu. Erabiltzea ezinezkoak ziren espazioak erabiltzea lortu dugu ikasleen bizi-kalitatea neurri handi batean hobetuz, hala nola, Santa Maria kalea, Atxuriko kantxak edo Santiagoko elizpea bezalako espazioak gure eskoletako umeentzat erabilgarriak izatea lortu dugu, eta aurrerantzean ere hala beharko du, eskoletako beharrei erantzun integrala ematen ez zaien bitartean.
Ateak jo ditugu, eskura izan ditugun guztiak, Udaletik hasi ginen eta alderdi politiko guztiek gure auzoetako ikastetxeen gabeziak gertutik ezagutzen dituzte orain, bai eta konponbideak bilatzeko geure proposamenak ere. Eusko Legebiltzarrean ere egon gara, pairatzen ditugun gabeziak azaldu eta horiek gainditzeko proposamenak aurkeztu dizkiegu Hezkuntza Batzordeko ordezkari politikoei. Bueltan ordea ez da konponbiderik etorri. Argi azaldu diegu denei, irtenbide integrala eskatzen dugula Alde Zaharra, Atxuri eta Solokoetxe auzoetako 0-18 urte bitarteko hezkuntza-zerbitzu euskalduna eta publikoa kalitatezkoa izan dadin. Eta irtenbidea denon artean eraiki dezakegula ere esan diegu, hori da gure borondatea. Hortaz, hezkuntza-komunitate osoarekin adostutako irtenbidea bilatzea da gure nahia, horretarako eskatu dugu inplikatutako agente guztiak bilduko dituen mahai baten sorrera. Aldebakarreko proposamenek ez dute lekurik. PNVk eta PSEk ezetz esan diote Hezkuntza Batzordean gaia lantzeko mahaiaren osaketari, baina hori gutxi ez, eta auzoetako ikastetxeetatik egindako galderei erantzunez honako hau esan digute; gure eraikinek konponketa nahikoa izan dituztela azken hamarkadetan, eta egun ditugun patioak gure haurren beharrak asetzen dituztela!!!! Muturra behar da gero!!!
Gure ikastetxeek egiturazko eta antolakuntzako hobekuntzak behar dituzte, partxeekin konpondu ezin direnak. Izurriak gabezia horiek guztiak larriagotu besterik ez ditu egin eta nahikoa partxe jarri eta kudeatu ditugu bukatzear dagoen ikasturte honetan: Atxuriko eskolako sarreretan familiak aritu gara hesi batekin errepidea mozten, gure haurren segurtasuna jokoan ikusi dugunean. Gimnasioa eta ludoteka jantoki bihurtu ditugu burbuilak bermatzeko baina jolas eremuak murriztuz.
Gure oinarrizko eskaerak mahai gainean daude: patio estalia Atxurin eta eremu irekia Mugikan, espazio berriak sortu, gure haurrek korridoreetan jolastera behartuak ez egoteko, ez eta zortzi orduko ikas-jarduna eraikin zaratatsu batetik atera ezinik egotea ahalbidetzeko. Edota Solokoetxeko kasuan, adin horietan hain beharrezkoak diren espazioen erabilerak erabat mugatuta edukitzeak dakartzan gabeziak gainditzeko.
Gure haurren eta gazteen ongizatea da jokoan dagoena, eta eskatzen dugun bakarra da diru publikoa oinarrizko sare publikora bueltatzea, alegia, gure auzoetako hezkuntza publikora.
Irtenbideak jarri ditugu mahai gainean eskaerekin batera, denak bideragarriak, baina bata bestearen atzetik ukatu dituzte: Mugika eskolako azpiko lokala erabili gabe dago eskuragarri; Atxuriko tren geltokiko parkinetako bat (bi dituztelako), eskola eremurako patio estali bihurtzea aukera erreala da, eta zer esanik ez geltoki bereko Hall-a. Hijas de la Cruz itxi eta eraikina ez da hezkuntza-zerbitzuetara bideratuko, bertako haurrak beste eskola kontzertatu batean “kokatu” dituzte, noski.
Datorren ikasturtea ezin dugu ekainean itxiko dugun baldintzetan hasi. Ez da bidezkoa, gure haurrek ez dute merezi eta erantzukizun politikoa da eskatzen dugun bakarra. Kalera atera gara eta jarraituko dugu ateratzen, hiru auzo hauetako hezkuntza komunitatea osatzen dugun familiok, zerbitzuetako langileok eta irakasleok argi dugu gure ahotsa ozen entzunarazi beharko dugula aurrerantzean ere. Izan ere, izurria igarotakoan gure auzoko hezkuntza publikoaren gabeziek toki berean jarraituko dute lanean jarraitu ezean, eta guk gure haurrek eta gazteek behar duten ardura maila erakutsiko dugu.

Artikulu hau eragile hauek sinatzen dute: Solokoetxe, Mugika eta Atxuriko eskoletako guraso elkarteak, Ikama Solokoetxe eskolako ikasle elkartea eta Bihotzean auzo elkartea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.