KANADA

Bigarrenez, identifikatu gabeko ehunka gorpu aurkitu dituzte Kanadako barnetegi ohi batean

Haur indigenak indarrez asimilatzeko sortu ziren gisa horretako barnetegiak. Maiatzaren bukaeran, beste 215 gorpu aurkitu zituzten beste barnetegi baten lurretan.

Bortxazko asimilaziorako barnetegi bateko argazkia, datarik gabe. EGIAREN ETA BERRADISKIDETASUNAREN BATZORDEA
jone arruabarrena
2021eko ekainaren 24a
11:18
Entzun

Atzo iragarri zuten indigena taldeek berriro ere ehunka gorpu aurkitu dituztela, oraingoan, 1889 eta 1997 urteen artean barnetegi moduan erabilitako eraikin baten inguruan. Oraindik ez dute gorpu kopuru zehatza eman, baina Kanadako CBC hedabideak jakinarazi du orain arte aurkitutako handiena dela.

Gobernuaren eta erakunde erlijiosoen eskumeneko barnetegia Kanadako Saskatchewan probintzian zegoen, eta haur indigenak bidaltzen zituzten bertara, «zibilizatu beharreko basatiak» kontsideratzen baitzituzten. Kalkuluen arabera, 1863 eta 1998 urteen artean, 150.000 adingabe indigena baino gehiago beren etxeetatik atera eta ikastetxe horietan barneratu zituzten. Bertan, gurasoengandik banandu, ohiko jantziak erre, ileak moztu, ama hizkuntza debekatu, sinesmenak gezurtatu eta izen berri bat inposatzen zieten, baina, horrez gain, abusuak eta tratu txarrak pairatzen zituzten haurrek.

Hala ere, ez da mota honetako lehenengo albistea: maiatzaren bukaeran, beste 215 haurren gorpuak aurkitu zituzten gisa honetako beste barnetegi baten lurretan. Ume Galduak proiektuak barnetegi horietan hil ziren 4.100 adingabe identifikatu ditu momentuz. Horietako asko barnetegietako lurretan lurperatzen zituzten.

Perry Bellegarde Jatorrizko Nazioen Batzarreko (APN) buru nazionalak Twitter bidez salatu du gertaera: «Ehunka gorpuen aurkikuntzaren berria guztiz tragikoa da, baina ez gaitu harritzen». Izan ere, talde indigenek aspalditik zeukaten susmoa, eta 2009an gorpuen bilaketa lanetarako laguntza eskatu zuten, baina gobernuak errefusatu egin zuen. Maiatzean egindako aurkikuntzak, ordea, hautsak harrotu zituen, eta Kanadako herri indigenek beren haurren hilobi gehiago aurkitzeko egindako deiak ugaritu egin ziren. Justin Trudeau Kanadako lehen ministroa laguntza emateko prest agertu zen orduan, baina ez zuen zehaztu laguntza hori zer modutan emango zuen gobernuak, ez eta zenbateraino inplikatuko zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.