Pandemiaren aurkako legea onartu du Eusko Legebiltzarrak

EAJren, PSEren eta Elkarrekin Podemos-IUren botoekin onetsi dute. EH Bilduk, PP-C's-k eta Voxek aurka bozkatu dute.

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Luis Javier Telleria, Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudian. DAVID AGUILAR /EFE
Edurne Begiristain.
2021eko ekainaren 24a
11:37
Entzun

Eusko Legebiltzarrak onartu berri du COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko legea, EAJren, PSEren eta Elkarrekin Podemos-IUren aldeko botoekin. Izan ere, Eusko Jaurlaritzari sostengua ematen dioten taldeek akordioa eginda zuten Elkarrekin Podemos-IUrekin legearen inguruan, taldearen hainbat zuzenketa testuan txertatuta. Hala, gaurko bozketan, 47 boto izan dira legearen alde (EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemos-IU legebiltzarkideenak) eta 28 legearen aurka (EH Bildu, PP-C's eta Vox taldeenak).

Legearen aurka egin duten taldeek zalantzan jarri dute arau berriaren eraginkortasuna eta legezkotasuna. EH Bilduk salatu du legea «hilik» jaio dela, haren edukia alarma egoeraren eta osasun larrialdiaren baitan kokatzen delako, eta, marko juridiko horiek gabe, neurriak ezin izango direlako aurrera eraman. PP-C's koalizioak, berriz, salatu du legea «berandu» iritsi dela eta «zalantzazkoa» dela haren eraginkortasuna. Voxek, berriz, Espainiako Konstituzioaren aurkakotzat jo du, eta iragarri du helegitea aurkeztuko duela haren aurka. Legea babestu duten taldeen iritziz, berriz, legea «beharrezkoa» da, baita etorkizuneko egoerei aurre egiteko ere.

Zenbait gako

Legearen aurka jo duten taldeek zalantzan jarri dute arau berriaren eraginkortasuna. Hala, gogoan izan dute Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak maskaren erabilera kanpoaldean derrigor izatea bertan behera utziko duen egun berean, Eusko Legebiltzarrak ontzat jo duen lege berriak dioela maskara kanpoaldean erabiltzea derrigorrezkoa izango dela osasun larrialdia indarrean dagoen bitartean. Zehazki, pandemiaren aurkako legearen 20.3 artikuluan jasotzen denez, «derrigorrezkoa izango da maskara erabiltzea sei urtetik gorako pertsonentzat, pertsonen arteko distantzia edozein dela ere, bai bide publikoan eta aire zabaleko espazioetan daudenean, bai espazio itxietan daudenean». 20.2 artikuluak aditzera ematen du hori horrela izango dela osasun larrialdiak irauten duen bitartean– osasun larraldia indarrean dago oraindik Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian–.

Hain justu ere, EH Bilduk eta PP-C'sk gogoratu dute osasun larrialdi egoerak goitik behera baldintzatzen duela legea. 2.1. artikuluak argi uzten du COVID-19ren aurkako neurriak indarrean egongo direla osasun larrialdia indarrean dagoen bitartean. Joan den ostiralean, Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri zuen bere asmoa dela osasun larrialdia bertan behera uztea uztailean. Hala gertatuz gero, legeak jasotzen dituen neurrien eraginkortasuna hutsean geratuko liratekeela ohartarazi dute gaur EH Bilduk eta PP-C's-k .

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.