Drogen kontsumoa

Duela hamar urtetik hona %22 areagotu da munduan droga kontsumoa

Droga salmenta eta kontsumoari buruzko urteko txostena argitaratu du NBEk. Haren arabera, handitu egin da kontsumoa 2010etik hona, eta goranzko joerari eutsiko dio datozen urteetan ere, Afrikan 2030erako %40 gehiago areagotzeraino.

San Salvadorren atzemandako doga kargamentu bat. RODRIGO SURA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko ekainaren 24a
12:51
Entzun

Beste alor guztietan bezala, droga salmentan ere izan zuen eraginik COVID-19aren pandemiak, baina, urte hasierako beheraldia gaindituta, goranzko bidea hartu zuten berriz zenbakiek. Hala, NBE Nazio Batuen Erakundeak argitaratutako droga kontsumoa eta salmentari buruzko txostenaren arabera, erraztu egin dira salerosketak Internet bidezko eskaerei esker, eta iaz 264 milioi euroko irabaziak izan zituzten modu horretan.

Salmentek ez ezik, kontsumoak ere gora egin du azken urtean. 2010eko datuekin alderatuta %22 handitu da —besteak beste, biztanle kopuruak ere gora egin duelako—, eta eutsi egingo dio igoerari. Hala, 275 pertsonek hartu zuen iaz drogaren bat, eta, aurreikuspenen arabera, mundu osoan kontsumoa 11 puntu altuagoa izango da 2030erako, eta 40 punturaino ere ugaritu liteke Afrikan. Kontinente horretan argazki iluna irudikatzen dute datuek; izan ere, droga trafikorako pasabide nagusietako bat da, eta horrek eragina du kontsumoaren gorakadan, baita biztanleria, orokorrean, gaztea izateak ere. Horri gehitu behar zaizkio pandemiak eragindako krisi ekonomikoaren ondorioak, eta kontinente hartan milioi bat laguneko, batez beste, minaren aurkako lau botika dosi daudela, Ipar Amerikako 32.000 dosien aldean.

Droga sintetiko eta merkeagoak agertzen hasiak dira, eta horrek zuzeneko eragina du kontsumoan; ondorioz, hura ere gero eta azkarrago ari da zabaltzen irabazi gutxiagoko pertsonen artean. Datuen arabera, mundu osoan 36 milioi pertsona inguruk dute drogekiko mendekotasun larria, eta arazoak dituzten zortzitik batek soilik jasotzen du tratamenduren bat.

Drogen arriskuarekiko pertzepzioak ere behera egin du azken urteetan. Txostenak jasotzen duenez, buruko osasun arazoak eragiten dituen kalamuaren osagai psikoaktiboa %4tik %16ra handitu dute AEBetan, eta %6tik %11ra Europan, baina, aldi berean, kalamua arriskutsua izan daitekeela uste dutenen kopurua %40 murriztu da bi eremu horietan —galdeketa AEBetako eta Europako eskolako ikasleen eta gazteen artean egin dute—. NBEk kezka agertu du informazio falta horrek handitu egin dezakeelako kalamuaren kontsumoa.

Gainera, drogen ondorioz hildakoen kopuruak ere gora egin zuen 2019an, milioi erdi inguru, duela hamar urte baino bi aldiz gehiago. «Kontsumoa arriskutsuagoa bilakatu da, eta opioideak dira heriotza gehien eragiten dituztenak, besteak beste, heroina, zeina gaindosiak eragindako heriotzekin eta C hepatitisarekin lotzen den», dio txostenak. Kokainaren ekoizpena ere laukoiztu egin da 2011tik 2017ra bitartean, eta merkatura iristen dena garbiagoa eta merkeagoa dela ohartarazi du NBEk, nahiz eta konfiskatzeak ere bikoiztu egin diren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.