Albistea entzun

Oporrak Euskal Herrian

Iholdi eta Irisarri herriak ezagutzeko parada

Iholdi eta Irisarri herri txikiak eta xarmagarriak dira, eta mendiz inguraturik daude. Bi herrietan balio handiko eraikinak daude.

Iholdiko pilotalekua eta atzean eliza.
Iholdiko pilotalekua eta atzean eliza. GUILLAUME FAUVEAU / IPARLA

Iholdi eta Irisarri herriak Nafarroa behereko Arberoa eskualdean daude. Lurralde historiko bat da. Aiherra, Izturitze, Mehaine, Donoztiri, Bastida, Heleta, Irisarri, Mehaine, Armendaritze eta Iholdi dira eskualdea osatzen duten herriak. Zenbait iturriren arabera, horietako herri batzuk ez dira eskualde horretakoak, eta esan daiteke Armendaritze, Bastida, Irisarri eta Iholdi ez direla beti integraturik egon. Hala ere, arrazoi geografikoak direla medio, lau herri horiek Arberoakotzat jotzen dira.

Iholdi eta Irisarri herriak txikiak dira, baina ondasun nabarmenak dituzte, balio handiko eraikin historikoak. Iholdin, esaterako, honako hauek daude: Elizabelar jauregia (1680. urtean altxatua), Ameztoia baserria (1689koa), Donibane eliza (XVII. mendekoa) eta Oltzeko gaztelua (XVII. mendekoa).

Eliza ikustera joanez gero, ateburuan 1605ekoa dela jartzen duela ikus daiteke. XVII. mendean hainbat aldiz moldatu zuten eta XX. mendean ere zaharberritu zuten. Alboan dagoen hilerrian, disko formako zenbait hilarri ikus daitezke; zaharrena 1597koa da.

Elizatik hurbil, pilotaleku eder bat dago. Halaber, herrian zazpi eihera edo errota daude.

Ibilaldi politak inguruko mendietan

Iholditik abiatuta, zenbait ibilaldi polit egin daitezke inguruko muinoetan eta mendietan, eta Arberoako lurren ikuspegi zabalaz eta bikainaz gozatzeko aukera dago Hoxahandia eta Hoxattipia mendietako tontorretatik.

Iholditik hurbil Irisarri herria dago. Irisarrin ere, eraikin eta monumentu historiko batzuk daude: ospitalea (XII. mendekoa, gaur egun herriko eskola da), ospitalearen alboan dagoen gurutzea (monumentu izendaturik dago), Bidegainea, Zaldunbidea eta Gazteluberria etxeak (XVII. mendekoak), Iturraldea baserria (XVIII. mendekoa) eta Donibane eliza (XV eta XVII. mendeen artean eraikia).

Irisarriko herriko etxearen webgunearen bidez, jarduerak egiteko, toki interesgarriak ezagutzeko eta ostatu hartzeko eta otordua egiteko informazioa kontsulta daiteke.

Albiste gehiago

Eraldaketa digitala. ©OREKA IT

Eraldaketa digitalaz eta desagertu egingo diren enpresez

Oreka IT

Gaur egun ezagutzen dituzun enpresen erdiak baino gehiago ez dira existituko hamar urte barru. Zeintzuek iraungo duten antzemateko gakoak askotarikoak eta lausoak dira, baina badaude argi ikusi daitezkeenak ere, digitalizazioa adibidez.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Berria