Xalala, riki riki... Asier Villalibre, tronpeta jotzen

Athleticeko aurrelaria Ubiden izan da elektrotxaranga batean tronpeta jotzen. Bideoak oihartzun handia izan du sare sozialetan.

Villalibre, ezkerretik bigarrena, Ubiden, elektrotxarangarekin tronpeta jotzen. @TXOPOMAMARIGA
jon ordonez garmendia
2021eko ekainaren 28a
11:38
Entzun

Zer esan ematen ari da Asier Villalibre Athleticeko jokalaria denboraldia amaitu zuenetik. Baina ez futbol zelaian egiten ari denagatik, ezta ezer txarrik egiten ari delako. Gernikako aurrelaria oporretan da gizonezkoen futbol denboraldia amaitu zenetik, baina futbolari profesionalen artean ohikoa ez den oporraldia izaten ari da berea, eta sare sozialak bihurtu dira horren lekuko.

Azken irudiak iragan den asteburuan argitaratu dira. @txopomamariga Twitterreko kontuak zabaldutako bideo batean elektrotxaranga batean tronpeta jotzen ageri da Villalibre, Takolo, Pirritx eta Porrotxen Riki riki abestia hain zuzen. Zenbait erabiltzaileek argitu dutenez, Ubiden (Bizkaia) jo zuen taldeko beste kideekin batera.

Ez da Villalibrek, eliteko jokalarien jarrerengandik urrun, gertutasuna erakusten duen lehen aldia. Maiatzaren amaieran, Gernikan, ikastetxe bateko aretoan aritu zen hainbat haurrekin futbolean jokatzen. Ekainaren hasieran berriz, anaia txikiaren taldean atezain lanetan aritu zen lan saio batean, Basurtun (Bilbo). Anaiak Basurtuko kadete taldean jokatzen du. Entrenatzaileari baimena eskatu ondoren hasi zen jokatzen Asier Villalibre, Iparralde futbol zelaian, haurren eta zaleen gozamenerako.


Villalibre, kadete taldearekin, lan saioaren ostean. / Basurtu KE

Uztailaren 7an hasiko du Athleticek denboraldi-aurrea. Williams eta Villalibre izango dira talde zuri-gorriaren lehen bi aurrelariak, eta gernikarrak taldean duen garrantzia handitzeko aukera izango du. Aurreko sasoian 43 partida jokatu zituen, eta lau gol sartu zituen. Tartean Espainiako Superkopa irabazi zuen Bartzelonaren aurka. Espainiako Kopako finalaurrekoa Levanteren aurka irabazi ostean, aldagelan tronpeta jo zuen taldekideentzat. Eta Superkopa irabazi ostean ere jo zuen futbol zelaian. Irudi horiek oihartzun handia izan zuten sare sozialetan, eta, bizar luzearekin batera, tronpeta bilakatu zen jokalariaren eta taldearen ikur. Futbol zelaitik kanpo, oporraldian, ikur eta eredu bilakatu da Villalibre.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.