Lan gatazkak

Greba eguna Caixabanken, negoziazioen azken egunean

Gaur amaituko da enplegu erregulazioa negoziatzeko epea.

Caixabankeko langileen protesta, gaur, Bilbon. CCOO
Iker Aranburu.
2021eko ekainaren 29a
12:07
Entzun

Egun erabakigarria izan daiteke gaur Caixabankeko langileentzat. Kataluniako bankuak 1.534 bulego ixteko eta 8.291 langile kaleratzeko erregulazio espedientea aurkeztu zuen, eta gaur bukatuko da hura negoziatzeko epea. Bankuetan ohikoa da erregulazioak hitzartzea eta ohikoa da konponketa azken egunean iristea, baina, kasu honetan, bi aldeek azken uneraino eutsi diote erronkari. Sindikatuek grebara deitu dituzte langileak gaurko, eta deialdia jarraipen zabala izaten ari da.

Iragan astean ere protesta egun bat izan zuten, eta Euskal Herrian bost langiletik lauk lan uztea egin zutela zabaldu zuten sindikatuek.

Kaleratzeak eta bulego itxierak justifikatzeko, Bankia irentsi ondoren bere egitura egokitu behar duela eta sinergiak bilatu behar dituela argudiatu du Caixabankek. Zenbakiek, ordea, harago joateko asmoa erakusten dute. Izan ere, Bankiak oso presentzia txikia zuen Euskal Herrian, eta han lanean ari ziren 108 langile baizik ez dira lan taldera batuko. Caixabankek, ordea, 140 langile kendu nahi zituen Nafarroan, Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban.

Baliteke azkenean kaleratuak gutxiago izatea, azken asteetan Caixabankek murrizketa txikiagoa eskaini baitu: 6.950 izango lirateke, jendaurrean zabaldu den azken kopuruaren arabera. 52 urtetik gorakoei, erretiroa hartu ahal izan arte soldataren zati bat ordaintzea eskaini du bankuak. Hortik beherakoei, berriz, lan egindako urte bakoitzeko 40 eguneko soldata eskaini die, 36 hileko soldatako mugarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.