KALAMUA

Mexikoko Auzitegi Gorenak konstituzioaren aurkakotzat jo ditu kalamuaren erabilera debekatzen duten legeak

Gorenaren jarrera horrek ateak zabaltzen ditu kalamua legeztatzeko bidean. Orain, Osasun departamentuaren baimenarekin kontsumitu, garraiatu eta ekoiztu daiteke.

Emakume bat landarea eskuetan duela, kalamua legeztatzearen aldeko protesta batean, Mexikon. EFE
jone arruabarrena
2021eko ekainaren 29a
12:20
Entzun

Mexikoko Auzitegi Gorenak konstituzioaren aurkakotzat jo ditu kalamua kontsumitzea, landatzea edo haziak zein landarea bera saltzea debekatzen duten artikuluak. Lehenago ere konstituzioaren aurkakotzat jo izan dira artikulu horiek, eta, beraz, kongresuak ezabatu edo aldatu egin beharko lituzke.

Hala ere, ez du ez bata ez bestea egin, eta beraz, konstituzioaren aurkakotasun deklarazio bat erabili dute. Zortzi ministrok eman dute botoa artikulu horien konstituzionaltasunaren inguruan: bostek esan dute konstituzioaren aurkakoak direla, eta beste hiruk konstituzioarekin bat datozela adierazi dute. Auzitegi Goreneko presidenteak esan du «askatasun pertsonalak» lortzeko bidean «egun historiko bat» dela.

Hala ere, horrek ez du esan nahi legezkoa izango denik kalamuaren kontsumoa, ekoizpena edo salmenta. Auzitegiak konstituzioaren aurkakoa dela adierazi arren, ez da oraindik horren inguruko legerik kaleratu, eta beraz, orain arte bezala jarraituko du legediak. Hori bai, aldaketa Federazioko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean, mexikarrek Osasun departamentuan baimenak eskatu ahal izango dituzte, modu pribatuan kontsumitu, landatu edo kalamua garraiatzeko, eta departamentuaren esku egongo da jarduera horiek arautzea. Hala ere, adin nagusikoa izan beharko da kontsumitu ahal izateko, eta ezin izango da espazio publikoetan edo adingabeen aurrean erre.

Erabilera terapeutikoa

Orain arte, Mexikon erabilera terapeutikorako bakarrik baimentzen zen kalamuaren kontsumoa, eta aisialdirako erabilera baimentzeko, babes judizial bat eskatu beharra zegoen. Gorteek kalamua kontsumitzeko erabateko debekua adierazten zuten artikuluak Konstituzioaren kontrakoak zirela adierazi zuten 2017an. Biltzarrak kalamuaren erabilera terapeutikoari bide ematen zioten zenbait artikulu aldatu zituen, baina legeztatzearen aldeko kolektiboek adierazi zuten merkatu bat arautzen ari zela, eta ez, beraiek aldarrikatzen duten moduan, askatasun pertsonalei bide ematen. Senatuaren aurrean protesta ugari egon dira orduz geroztik, eta azken egunetan Auzitegi Gorenaren aurrean ere izan dira manifestazioak. Kalamuaren legeztatzearen aldekoek argudiatzen dute drogen trafikoari lotutako biolentzia neurri handi batean gutxituko litzatekeela droga hori legeztatuz gero

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.