Ingalaterra 2-0 Alemania / Suedia 1-2 Ukraina

Mendekua hartu du Ingalaterrak

Ingelesek 2-0 irabazi diote Alemaniari Wembleyn, eta Eurokopako final-laurdenetarako sailkatu dira. Ukraina izango dute aurkari larunbatean, Erroman. Ukrainarrek luzapenean kanporatu dute Suedia, Glasgowen: 1-2

Ingalaterrako jokalariak, Alemaniaren aurkako garaipena ospatzen, gaur, Wembleyn. ANDY RAIN / EFE
Julen Etxeberria.
2021eko ekainaren 29a
23:41
Entzun

«Futbola ingelesek asmatutako kirol bat da, non 11k beste 11ren kontra jokatzen duten eta beti Alemaniak irabazten duen»: Aski ezaguna da Gary Lineker Ingalaterrako futbolari ohiaren esaldia. 1990ean esan zuen, Italiako Munduko Kopako finalerdietan Alemaniaren kontra galdu berritan. Bero-beroan esandako esaldi hark maldizio kutsua hartua zuen Ingalaterrarentzat. Atzo arte, bi aldiz jokatu zuten bi selekzio horiek elkarren aurka txapelketa garrantzitsuren bateko kanporaketetan, eta bietan alemanak nagusitu ziren. Lehenbizikoak egin zien minik handiena ingelesei. Ez da harritzekoa, duela 25 urte etxean jokatutako Eurokopan izan baitzen; non, eta Wembley estadioan; noiz, eta finalaren atarikoan; nola, eta penalti jaurtiketetan. Gareth Southgatek, Ingalaterrako egungo hautatzaileak, huts egin zuen penalti erabakigarria.

25 urte geroago hartu dute ordukoaren mendekua. Ezin izan dute aukeratu ez toki, ez une aproposagorik: Wembleyn egin dute, Eurokopako final-zortzirenetan. 2-0 irabazi diote gaur Alemaniari, eta, horri esker, final-laurdenetan ariko dira, kanporaketa horretan azkenekoz aritu eta bederatzi urte geroago.

Ukraina izango dute aurkari larunbat honetan, Erroman. Ukrainarrek Suedia kanporatu dute luzapenean, Glasgown (Eskozia): 1-2. Arauzko denbora banako berdinketarekin amaitu da. Zintxenkok sartu du lehen gola, 27. minutuan, eta Forsbergek berdindu egin du 43.ean. Baina penaltiak ate joka zeudela, 121. minutuan, Dovbikek sartu du gol erabakigarria. Ukraina lehen aldiz ariko da Eurokopako final-laurdenetan.

Ingelesek indarrez eta konfiantzaz lepo ekingo diote Ukrainaren aurkako partidari: batetik, azkenean gainditu dutelako beren aurkaririk zitalena, makina bat aldiz ametsak zapuztu dizkiena; eta bestetik, sekulako txapelketa egiten ari direlako. Bi datuk laburbiltzen dute ondoen ingelesen jardun bikaina: hiru partida irabazi dituzte, eta bat berdindu; eta lau partida horietan ez dute gol bakar bat ere jaso. Eurokopa hasi aurretik faboritoen artean baldin bazeuden, are gehiago orain. Bidea falta zaie egiteko, baina pauso sendoak ematen ari dira.

Alemaniak, ordea, bigarren aldiz jarraian egin du espero baino bide laburragoa txapelketa handi batean; duela hiru urte, Errusiako Munduko Kopan, ez baitzuen ligaxka gainditu. Koska bat gorago egin du oraingoan, baina oso gutxi da hori Alemaniarentzat. Ez du erakutsi bere ohiko sendotasuna. Aitzitik, gorabeheratsu aritu da. Sufritu egin zuen ligaxka pasatzeko, eta lehen kanporaketan joan da etxera. Agur tristea izan du Joachim Loew hautatzaileak.

Golak, azken 15 minutuetan

Azken ordu laurdenean desorekatu da lehia ingelesen alde. Ordu arte, nor baino nor gehiago aritu dira bi selekzioak, eta biek izan dituzte aukera garbiak: lehenbizi, Neuerrek urrundu egin du Sterlingek egindako jaurtiketa;â;ÂÂÂÂÂ;€Âˆgero, Pickfordek buruz burukoa gelditu dio Wernerri; lehen zatia bukatzear zela, berriz, Hummelsek bere taldea salbatu du, Kaneri area txikian baloia kenduta; eta, bigarren zatia hasi eta berehala, Pickfordek geldiketa ikusgarria egin dio Havertzek area kanpotik egindako jaurtiketa bati.

75. minutuan hautsi da parekotasuna. Sterlingek jokaldia hasi du; Kaneri eman dio baloia; hark, Grealishi, eta hark, Shawi; eta haren erdiraketa neurtua sarera bidali du Sterlingek. Hirugarren gola zuen, ordu arte bere selekzioak sartutako guztiak.

Gola jasota, Alemaniak aurrera egin du. Segituan egon da saria lortzekotan, 81. minutuan, baina Muellerrek kanpora bota du baloia Pickforden aurrean bakarrik zegoela. Muellerrek izan ez duen eraginkortasuna izan du Kanek bost minutu geroago. Berriro jokaldi landu bat amaiarazi du. Lehen golean parte hartu duten hiru jokalari egon dira tartean: Grealish, Shaw eta Kane bera. Aurrelariak beharra zuen gol bat sartzeko, eskas aritu baitzen aurreko hiru partidetan, golik sartu ezinik. Gol horrek biribildu du garaipena. Eta mendekua. Lehia amaitu eta gutxira hitz egin du Linekerrek: «Bada garaia bazter batean uzteko alemaniarrek beti irabazten dutela dioen esaldia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.