Hamaseigarren greba eguna dute Arabako egoitza pribatuetako langileek

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, manifestazioa egin dute Gasteizen. Irailean jarraituko dute mobilizazioekin. 

Manifestazioa egin dute Gasteizko karriketan. ELA SINDIKATUA
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko ekainaren 30a
13:30
Entzun

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, hamaseigarren greba eguna dute gaurkoa Arabako adinekoen egoitza pribatuetan. Bi urte eta erdi daramatzate protestan egoitza pribatuetako langileek lan baldintza duinak eskatzeko eta sektorerako lehen hitzarmen probintziala adosteko. Gaur, berriz ere kalera atera dira eta manifestazioa egin dute Gasteizko karriketan.

Sektoreko enpresei eta Arabako Foru Aldundiari negoziatzeko mahaian esertzeko prestutasun falta leporatu diete sindikatuek. Beren hitzetan, apirilaren 6an Emilio Sola Arabako Gizarte Ekintzako diputatuarekin egindako bilera batean enpresak langileekin hitz egiteko prest zirela nabarmendu zien Solak, eta auzia apirilaren bukaerarako konponduko zela. Sindikatuek nabarmendu dutenez, ordea, geroztik ez dute bere berririk jaso.

Hitz onez harago, ekintzak eskatu dizkiote Solari: «Publikoki adierazi du sektore honetan ditugun arazoak konpontzeko interesa duela. Hala ere bere ekintzek erakusten dute ez duela konpromiso sendorik, eta egiten ari garen presioak ez duela baldintzatzen».

Gainera, alderdi politikoek zaintza politikoki erabiltzen dutela salatu dute sindikatuek: «Alderdietako kideek esaten dute gizartearentzat funtsezko zerbitzua garela, gure lanpostuak ezinbestekoak direla gizartearentzat. Baina gobernutik marketin politikorako erabiltzen dute gure lana, eta menpekotasun eta prekarietate egoeran jarraitzen dugu».

Beren egoera «txara» dela nabarmendu dute: akituta daudela, eta arriskua beren gain hartzeaz nazkatuta. Pandemia hasi denetik hamabortz hilabetetara, eta uda atarian, deskantsurako tartea hartuko dute, eta irailean «indartsuago» itzuliko dira mobilizazioetara: «Ez gara nekatuko langileok pairatzen dugun prekarietatea salatzeaz, eta errespetua eskatzen dugu bai gure lanbidearentzat, bai gure adinekoentzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.