FUTBOLA

Espainiako Lehen Mailako egutegia zozkatu dute

Bartzelona-Reala, Alaves-Real Madril, Osasuna-Espanyol eta Elx-Athletic izango dira euskal taldeen lehen partidak. Arabarren eta nafarren artekoa izango da lehen derbia

Alavesek eta Osasunak aurreko denboraldian Mendizorrotzan jokatutako derbia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Julen Etxeberria.
2021eko ekainaren 30a
18:20
Entzun

Datorren denboraldiko futbol sasoiaren aurreneko egitekoa bete dute: Espainiako Lehen Mailako egutegia zozkatu dute. Horrela, maila horietan jokatuko duten lau euskal taldeek badute euren bide orriaren berri. Hori jakinda hasiko dira lanean datorren astean Reala, Athletic, Osasuna eta Eibar.

Abuztuaren 14ko asteburuan jokatuko dute ligako lehen jardunaldia. Aldaketa handia izango da aurreko denboraldiarekin konparatuta. Izan ere, ondo bidean, ikusleak izango dira aspaldiko partez harmailetan. Lehen Mailan, 2020ko martxoaren 8an jokatu zuten azkeneko norgehiagoka ikusleen aurrean. Beraz, ia urte eta erdi geroago itzuliko dira zaleak maila nagusiko estadioetara.

Eta lehen jardunaldi horretan Realak eta Alavesek partida zailak izango dituzte: gipuzkoarrek Bartzelonari egingo diote bisita, eta arabarrek Real Madril hartuko dute Mendizorrotzan. Aldiz, aurkari samurragoak izango dituzte Athleticek eta Osasunak: zuri-gorriek Elxen (Herrialde Katalanak) jokatuko dute, eta gorritxoek Espanyol jasoko dute Sadarren. Athletic eta Reala bigarren jardunaldian ariko dira estreinakoz bere zaleen aurrean: zuri-gorriek Bartzelonaren aurka jokatuko dute San Mamesen, eta, txuri-urdinek Rayo Vallecanoren kontra, Anoetan.

Halakoetan ere aintzat hartzekoa izan ohi da azken jardunaldia, gauza asko egon baitira jokoan. Hauek izango dira neurketak, maiatzaren 22an: Alaves-Cadiz, Osasuna-Mallorca, Reala-Atletico Madril eta Sevilla-Athletic. Lau euskal talde izanik, hamasei derbi jokatuko dituzte guztira. Lehena, bosgarren jardunaldian izango da, irailaren 19an: Alaves eta Osasuna izango dira aurrez aurre Gasteizen.

Maila nagusiko lau euskal taldeek datorren astean ekingo diote denboraldi-aurreari: Alavesek asteartean egingo du lehen entrenamendua; Athleticek, asteazkenean; eta Realak eta Osasunak, ostegunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.