Katalunia

Espainiako Auzitegi Gorenak ez du onartu Masek jarritako helegitea

Kontu Auzitegiak 5,8 milioi euroko zigorra ezarri zien hari eta beste bederatzi goi kargudun ohiri, 2014ko galdeketarekin lotuta. Bi urte behar izan ditu erantzun bat emateko.

Artur Mas, herenegun eginiko agerraldian. TONI ALBIR / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko uztailaren 1a
11:47
Entzun

Espainiako Auzitegi Gorenak ez ditu onartu Artur Mas Kataluniako presidente ohiak eta beste hainbat goi kargu ohik aurkeztutako helegitea. Generalitateko kide ohiak 5,8 milioi euroko zigorra ordaintzera kondenatu zituen Kontu Auzitegian 2018an, lau urte lehenagoko azaroaren 9ko galdeketaren harira eginiko gastuengatik. Erabakia 2017ko erreferendumaren nazioarteko sustapenaren harira ezarritako bermea publiko egin berritan iritsi da; 5,4 milioi eurokoa.

Masen helegitearekin batera, Joana Ortega, Francesc Homs eta Irene Rigau kontseilari ohien, eta beste sei goi kargudun ohiren eskaerak ere baztertu ditu. Zigortuek argudiatu zuten Kontu Auzitegiak ez duela haien ekintzak konstituzionalak izan ziren edo ez erabakitzeko eskumenik, eta bi aldiz zigortu dituztela gertaera berdinengatik; aurrez Kataluniako Auzitegi Nagusian ere ebatzi zuten haien aurka.

Auzitegiaren arabera, baina, bi ebazpenen artean ezberdintasunak daude, eta, beraz, ez da nahikoa justifikazioa. Aho batez hartutako erabakia argudiatzeko, gehitu du zigortuek ez dutela «kasazio interesa justifikatu», eta «oinarri falta» dagoela helegiteetan. Erabakia hartzeko bi urte baino gehiago behar izan ditu. Bien bitartean, hainbat jabetza enbargatuta izan dituzte, diruaren zati Elkartasun Kutxaren bidez ordaintzea lortu arren.

Zigor horrez gain, beste bat ere pilatu zaie Masi eta Homsi. 2017ko erreferendumari lotutako kausan, 2,8 eta 2,9 milioi euroko bermeak ezarri dizkie Kontu Auzitegiak, hurrenez hurren, 2011 eta 2015 artean —bere agintaldian— galdeketa sustatzeko nazioartean eginiko lanengatik. Erabaki horien aurrean, presidente ohiak adierazi du Espainiako Estatuak politikari katalanak «politikoki eta sozialki hiltzea» duela helburu; lehenik, kargu publiko bat izateko aukera kendu zioten, eta gero, zigor ekonomiko handiak jarri.

Kausa berriari dagokionez, Estatuko Abokatutzak uko egin dio alegazioak aurkezteari, Espainiako Justizia ministro Juan Carlos Campok esandakoaren bidetik. Horren arrazoia da Generalitateko 34 goi kargudun ohiek ustez legez kanpo eginiko gastuetarako —besteak beste, kontratuak, bidaiak eta enbaxadetako gastuak— ez dela estatuko administrazioaren diru funtsik erabili. Aurkako erabakiak, gainera, Kontu Auzitegiak berak jarritako aurrekarien kontra egingo luke. 2014ko erreferendumari lotutako kasuan, auzitegiak pasa den ekainean ebatzi zuen abokatutzak ez lukeela prozesuan parte hartu behar. Estatuko Abokatutzak helegitea jarri zion erabakiari, baina Gorenak ez zuen tramitera onartu. Erabakiak bat egiten du alderdi independentisten nahiekin. Haiek auzi judizialari «konponbide bat emateko» eskatu diote Espainiako Gobernuari, esanez Estatuko Abokatutza kausatik baztertzea zela horretarako lehen pausoa. Akusazio gisa jarraituko dute, ordea, Fiskaltzak, Societat Civil Catalana erakundeak eta Abokatu Katalanak Konstituzioagatik elkarteak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.