Lan gatazkak

Caixabankek 6.452 lagunen kaleratzea hitzartu du sindikatuekin

Lanpostuari uko egiteko kalte ordain handiagoak eskaini ditu bankuak, eta lantaldea uzten duenak borondatez utziko du, itunak jaso duenez.

Caixabankeko langileen protesta, joan den astean, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
xabier martin
2021eko uztailaren 1a
19:03
Entzun

Bankuetako lan erregulazioak adostuak gertatzen direlako tradizioa bete da Caixabanken kasuan ere, nahiz eta negoziazioak maratoi baten antza hartu duen. Astearteaz geroztik ia etenik gabe bilduta izan ondoren, zuzendaritzak eta sindikatu nagusiek bankua ia 6.500 langilek uzteko akordioa hitzartu dute gaur arratsaldean. Akordioa lortze aldera, lantaldea uzteko derrigortasuna kendu du zuzendaritzak, eta, bestalde, handitu egin ditu pizgarriak lanpostuari uko egiteko.

Apirilaren 20an, enplegu erregulazioa iragarri zuenean, Caixabankek 8.291 langile kendu nahi zituen, eta 1.534 bulego itxi. Hego Euskal Herrian, zehazki, 1.800 langiletik 138 inguru ziren kaleratzekoak, baina azken akordioak nabarmen apalduko du kopuru hori. Nafarroan, esaterako, 52 aterako dira, iragarri baino hamazazpi gutxiago. Lau bulego ere itxiko dituzte lurralde horretan.

Kaleratzeek lotura zuzena dute Bankiaren irenstearekin. Iaz iragarri eta martxoan gauzatu zen bi erakundeen arteko bat egitea. Berez, Kataluniako bankuak hartu du Caja Madrid, Bancaja eta beste aurrezki kutxa txiki batzuen bat egitetik sortutako finantza erakundearen kontrola. 2012an , Espainiako Estatuaren kontrolpean geratu zen, eta 24.000 milioi euroko erreskatea jaso zuen. Diru horretatik, 3.000 milioi berreskuratu ditu estatuak, eta espero du zerbait gehiago jasotzea Caixabanken dituen akzioak (%16) saltzen dituenean.

Mercedes

Gasteizko Mercedesko zuzendaritzak eta sindikatuen gehiengoak aldi baterako lan erregulazio bat adostu dute hilabeteko iraupenarekin, urte bukaera arte. Pieza jakinen hornidura berriro etenez gero, ekoizpena berriro gelditu beharko du fabrikak, eta egoera horri aurre egiteko litzateke aldi baterako enplegu erregulazioa. CCOO, UGT, Ekintza eta PIM sindikatuek eman diote oniritzia erregulazioari. LAB, ELA eta ESK akordio hori aztertzen ari dira, eta datozen egunetan erabakiko dute bat egiten duten ala ez. Mercesedesek iragarri du 141.001 auto ekoiztea aurreikusi duela 2021. urterako, hasieran baino 7.599 auto gutxiago.

Petronor

Petronorreko langileek mobilizazio gehiago egingo dituzte uztailean, abuztuan eta irailean, aldi baterako erregulazioaren aurka. Sindikatuek luze gabe jakinaraziko dute lanuzteen egutegi bat. Zuzendaritzari exijitu diote aldeen arteko akordioa betetzeko, eta aldi baterako erregulazioa erretiratzeko. Zuzendaritzak erantzun du Petronorren ez dagoela enplegurik galtzen ari, eta urtea hasi denetik 24 lanpostu berri sortu direla. Aldi baterako erregulazioa COVID-19ak eragindako egoerak bultzatu duela ere azaldu du.

Stadler

Oñatiko Stadler enpresako langileek greba mugagabeari ekingo diote hilaren 16an, zuzendaritzak lantaldeko hamabi kide kaleratzeko erabakia hartu ondoren. 65 langile aritzen dira gaur egun Stadlerren, metalezko osagai sinterizatuak egiten autogintzarentzat, eta denei murriztu nahi diete soldata %30. Hilaren 8an bi orduko lanuztea iragarri dute; hilaren 13an, egun batekoa; eta 16an greba mugagabean hasiko lirateke, enpresak ez badu atzera egiten bere erabakian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.