Enplegua

Nafarroako enplegu planak «gardentasun falta» duela salatu du EH Bilduk

Adolfo Araizek kritikatu du «ez negoziazioetan, ezta sinatu ondoren ere» ez dutela akordioaren edukirik jaso, «nahiz eta aurrekontuetan eragina izan dezakeen».

EH Bilduko Adolfo Araiz eta PSNko Ramon Alzorriz, parlamentuan. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2021eko uztailaren 2a
12:22
Entzun

Asteazkenean Nafarroako Gobernuak bosgarren enplegu plana sinatu zuen CEN patronalarekin, eta CCOO eta UGT sindikatuekin. Akordio horren aurrean, EH Bilduk «gardentasun falta» duela salatu du. Gobernuak etorkizuneko eraldaketa sakonari aurre egiteko palanka izango dela nabarmendu arren, koalizioak uste du egitasmoak ez duela «benetako neurri eraldatzailerik».

Koalizioa erabakigarria izan da azken bi urteetako aurrekontuak aurrera ateratzeko, eta atzo bertan azpimarratu zuen aurrekontu akordioa betetzeko urratsak egiten ari dela gobernua. Hala ere, Adolfo Araiz parlamentariak salatu du ez dutela planaren edukiaren berririk izan «ez negoziazioetan, ezta sinatu ondoren ere». Planak hurrengo lau urteetan, 2024ra arte, 701,7 milioi euro inbertitzeko asmoa azaltzen du, eta, kopurua zehaztu ez arren, zenbateko handi bat aurrekontu bidez finantzatuko da. Horregatik, Araizek gaineratu du edukiaren berri ez izatea deitoragarria dela, akordioan eragina izan dezakeelako.

Behin akordioa aurkeztuta eta aztertuta, Araizek uste du «kasurik onenean asmo oneko neurrien bilduma» dela. Haren irudiko, ez dakar berrikuntza handirik: «Nahikoa da aurreikusten diren neurrien gastuak aztertzea bildutako zenbateko handienak urte honetarako aurrekontuan aurreikusita zeudela ondorioztatzeko». Planak neurri asko jasotzen ditu, eta 23 helburu estrategiko ezartzen ditu, baina, Araizen ustez, horiek ez dira zehazten: «Helbururik gabe, planaren kontrola ez da existitzen, eta gastuaren exekuzioaren kontrolera mugatzen da».

Beste hainbat alor ere kritikatu ditu. Adibidez, esku hartze sektoreko enpleguaren kalitatera bideratu nahi diren 116 milioi euroetan ez da zehazten nola baliatuko diren, eta susmoa dute enpresei dirua emango zaiela zaintza zerbitzuak hobetu gabe. Lurraldeko segurtasun arloko ordezkariaren figura berreskuratzeari buruz esan du iraganean ez duela balio izan lan istripuen errealitatea hobetzeko.

Esparza, pozik

EH Bilduren aldean, Navarra Sumak ontzat jo du akordioa. Hain zuzen ere, nabarmendu du UPNren agintaldietan onartutako beste lau enplegu planen ildo beretik doala. «Betidanik defendatu dugu gizarte eragileekin akordioa erdiestea. Legealdi erdian bada ere, Nafarroarentzat ona da bide hori berreskuratu izana». Akordioa Gizarte Elkarrizketaren Kontseiluan eman da, eta Esparzak erakunde horren «defentsa irmoa» egin du, 2014 amaieran onartu baitzen parlamentuan, UPNren eta PSNren babesarekin.

PSNren irudiko, Txibiteren gobernuak «beste mugarri bat» erdietsi du enplegu planarekin.

Nafarroako Ezker Batuak ongietorria eman dio akordioari, eta aurrerapauso bat izango dela nabarmendu du. Marisa de Simon Ezkerrako parlamentariak azpimarratu du urteak eman dituztela plan horren beharra aldarrikatzen. Haren irudiko, planak jarduera ekonomikoa bultzatu eta enplegua sortzeko balio behar du. Politika horien garapenerako 2022a «urte erabakigarria» izango dela gaineratu du, eta gogorarazi du horretarako zerga erreforma sakonagoa behar dela.

ELAk astelehenean egingo du enplegu planari buruzko irakurketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.