TXIRRINDULARITZA

Mohoricek irabazi du Tourra hankaz gora jarri duen etapa

Bahrain taldeko ziklista izan da Pogacar izerdiarazi duen ihesaldiko indartsuena. Bertan sartu da Van der Poel, lidertza sendotuz; baita Van Aert ere. Roglic lehertu egin da, eta jada ez du aukerarik sailkapen nagusian

Matej Mohoric, garaipena ospatzen. PHILIPPE LOPEZ / EFE
enaut agirrebengoa
2021eko uztailaren 2a
18:11
Entzun

Taldea da Tadej Pogacarren ahulgunea (UAE). Hala bistaratu da gaur, aurtengo Tourreko etaparik luzeenean. 250 kilometroko esfortzu luze eta bortitza egin dute txirrindulariek, eta UAE taldeak ezin izan du etapa hasieran 29 txirrindularik piztu duten sua itzali. Aurrean sartu dira Mathieu van der Poel (Alpecin), lasterketako liderra, eta Wout van Aert (Jumbo Visma), hirugarren sailkatua. Holandarrak maillot horirari beste egun batez eusteko baliatu du ihesaldia. Flandriarra, berriz, bete-betean sartu da sailkapen nagusiaren borrokan: 3.35 atera dio Pogacarri, eta 3.13ko abantaila du orain nagusian esloveniarrarekiko. Aurkariz aldatu du iazko irabazleak, Primoz Roglic (Jumbo Visma) guztiz jokoz kanpo gelditu baita. 

Hasi eta buka, etapa ikusgarria izana d, eta Matej Mohoricek (Bahrain) jarri dio ginga. Goi mailako iheskideak izan ditu aldamenean: Van der Poel eta Van Aert, Kasper Asgreen (Deceuninck), Vincenzo Nibali (Trek), Simon Yates (Bike Exchange), Philipe Gilbert (Lotto)... Tourrean etapa irabazitako hamar txirrindulari zeuden ihesaldian. Euskal herritar bat ere sartu da, Imanol Erbiti (Movistar). Mohoricek garaipen bana zuen lortua Vueltan eta Giroan, baina bat ere ez Tourrean. Bada, gaur lortu du estreinakoa, urrundik erasoa jo, eta mendaterik gogorrenean bere legea ezarrita. 

Bigarren Mailako Signal d’Uchon izan da etapako epailea. Gaina helmugatik hemezortzi kilometrora zegoen, eta malda oso pikoak zituen azken kilometro eta erdian. Han gelditu da bakarrik Mohoric, eta bertan lehertu da Roglic. Ordurako, ia taldekiderik gabe geratua zen Pogacar. Hori baliatuz, erasoa jo du Richard Carapazek (Ineos), aurrez Pierre Latourrek (TotalEnergies) egin bezala. Haren taldea UAEren ezusteko laguntzailea izan da etapako hainbat momentutan. Azken kilometroetan, berriz, Movistar izan da Pogacarren aliatua. 

Hori horrela, kaltea gutxitzea lortu du esloveniarrak: helmugan harrapatu dute Carapaz, eta Van der Poel eta Van Aertekiko galera ez da hainbestekoa izan –sei minututik gorako errentarekin izan dira–. Mohoric baino 1.40 beranduago iritsi da liderraren taldea, eta 5.15era Pogacarrena. Roglic, aldiz, 9.03ra sartu da; 33. geratu da nagusian, 9.11ra. 

Alpeetako lehen etapa jokatuko da bihar, Oyonnax eta Le Grand Bornand artean, 150 kilometroko ibilbidean. Lehen Mailako hiru igoera kateatuko dira bukaeran: Mont Saxonnex, Romme eta Colombiere. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.