Musika

Hasi da EHZ jaialdia

25. jaialdia egingo dute, Irisarrin (Nafarroa Beherea). Gaurko eta biharko egitaraua bereziki publiko gazteari zuzendua bada ere, ez du adin mugarik. Igandea, berriz, familiei zuzendua egongo da bereziki.

Irisarrira gazte ugari iristen ari dira. PATXI BELTZAIZ
2021eko uztailaren 2a
18:23
Entzun

Hasi da EHZ jaialdiaren 25. aldia, gazteak eta ez hain gazteak Irisarrira (Nafarroa Beherea) iritsi dira kontzertuekin gozatzeko gogoz. Hiru egunetan askotariko kultur ekitaldiak izanen dira EHZn.

Orotarat, 30 taldek baino gehiagok parte hartuko dute hiru egunetan, gaur hasita. Julen Oillarburu EHZko kideak aitortu du osagarri neurriek izan dutela zerikusirik 25. EHZren programazioarekin: «Hastapenean dena pentsatua genuen publikoa jarririk egoteko. Maiatzaren hastapenean, ordea, jakin dugu irizpideak aldatu direla, beraz, aldatu dugu. Chill Mafia edo Anestesia jarririk ikustea? Ez da hoberena!». Baina maiatzeko albisteek ateak ireki dizkiete: «Oso zaila izan da programazioa bost astez egitea!». Azpimarratzekoa da festibalean sartu ahal izateko osagarri pasea beharrezkoa dela, eta bertan ezin izanen dela testik egin. Hala, 48 ordu baino gutxiagoko PCR edo antigeno test negatiboa, edo duela hamalau egun gutxienez txertoa osorik hartu izanaren ziurtagiria edo hondar sei hilabeteetan COVID-19a bildu duenaren ziurtagiria behar dira. Haatik, 11 urtez pekoek ez dute pase sanitarioaren beharrik, eta sarrera urririk dute.

Denetarik ikusgai izanen da egunotan. «Esanguratsuenen» artean, demagun, badira Chill Mafia, Zea Mays, Jewel Usain, ProleteR DJ aski ezaguna... Horiek aipatu ditu Oillarburuk.

Gainera, euskal musika eszena markatu dutenetako batzuk iragarri ditu: Anestesia, Potato eta Ruper Ordorika. Hirugarren talde batean sailkatu ditu duela guti sorkuntza lan bat karrikaratu dutenak: Xiberoots, Kuartz, Torheit, Aguxtin Alkhat, Entrexatak... «Entrexatak taldeak ez du albumik, baina sorkuntza berriak ditu. Rudiger taldea ere Joseba Irazoki eta Willis Drumondeko bateria jolearen talde berria da... Hemengo taldeentzat beren lan berrien aurkezteko parada ere bada EHZ», erran du Oillarburuk.

Nazioartetik bortz ekarriko dituzte: Frantziatik, Lyre le temps, ProleteR, Jewel Usain eta DJ Reimy umorezko DJa; eta Espainiatik, Tremenda Jauria rap abeslari feministak.

Azkenik, gainerako hauek ere ariko dira:gaur, Nogen, Herdoil, Ro, Mairu, Olatz Salvador, Juanita Banana; bihar, Frigo, Andoni Ollokiegi, Physis versus Nomos, Eneritz Furyak, Fetiche; eta igandean, Astobaba, Diabolo Kiwi eta Reykjavik606.

«Xerkatzen dugu oreka bat. Duela bi urte talde batek festibala berriz hartu zuelarik, gogoeta abiatu zuen programazioaren gainean, eta erabaki zuen hemengo eszena musikalaren inguruan aritu nahi zuela, nahiz, halere, atzerriko talde batzuk ekarraraziz», oroitarazi du Oillarburuk.

Hala, hiru egunez aniztasuna izanen da iparrorratza, estilo oro elkar gurutzatuko baitira: rapa, metala, rocka, reggaea, cumbia...

Antzerkiak, bertso poteoak, txarangek, magoek, erakusketek, dantzak, umoreak eta zirkuak ere EHZra gomita jaso dute: «Nahi dugu denendako zerbait izatea eta arte forma ezberdinak plazaratzea, kultura ez baita bakarrik musika». Hala, Tio Teronen semeak dantza konpainiak FreshCool ikuskizuna erakutsiko du bihar. Igandean, berriz, «familien egun lasaiagoan», Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Amaren intxaurrak ikuskizun berria aurkeztuko dute, pentzean, 11:00etan. Ondotik, EHLGk betiko zikiroa eskainiko du.

Alabaina, Komunetik antzerki obra ikusgai izanen da bihar, 13:15ean, plazan. Idoia Tapia musikari eta aktorea da protagonista, Hatz(a)marka kolektiboaren poemetatik abiatuz eta Bapateko orkestrak lagundurik.

Igandean, Pauline Guellek, Menane Oxandabaratzek, Eneko Gorrik eta Jean-Françoise Lefort Lof-ek errepasoa eginen diote EHZren mende laurdenari. Segidan, Bertha Gaztelumendiren eta Sabino Ormazabalen Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa filma erakutsiko dute, haiekin mintzatu aitzin. Arratsaldean, ekologiaz eta etxearen geroaz ariko dira Xan Costa, Iban Lacoste eta Iñaki Etxeleku. Bururatzeko, Euskal Herriko nazio askapen mugimenduaren historia hizpide izanen dute Filipe Laskaraik, Kizkitza Gil de San Vicentek, Emilio Lopezek eta Eneko Zestauk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.