AEB-ak

Guarita pilotariaren semea, erraina eta ilobak daude Floridan eroritako eraikineko biktimen artean

Dagoeneko 22 gorpu atera dituzte hondakinetatik, eta beste 126 pertsona galdurik daude oraindik.

Erreskate taldeetako kideak, lanean, atzo, Miamiko Surfsiden eroritako eraikinaren hondakinetan. CRISTOBAL HERRERA-ULASHKEVICH / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko uztailaren 3a
10:51
Entzun

«Jai alaia doluminez dago». Horrela zabaldu du Jai Alai News hedabideak Floridako Surfside auzoan (Ameriketako Estatu Batuak) ekainaren 24an eroritako eraikinetik helduriko azken albisteak. Izan ere, zesta puntan itzal handia izaniko Guara familiako kideen gorpuak atera dituzte hondakinetatik.

Manuel Guara Guarita pilotariaren seme Marcusen gorpua joan zen asteburuan berreskuratu zuten, eta asteazkenean, haren emazte Anaely Rodriguezena. Atzo, berriz, bien alaba Enmma eta Luciarenak (4 eta 10 urte, hurrenez hurren).

Guarita 2011. urtean hil zen, Miamin. Valentzian (Herrialde Katalanak) jaiotakoa zen, eta pilotari familia batean; Pepe Guararen semea zen. Pilotarako zaletasun handia dago han, eta 14 urterekin hasi zen partida handietan jokatzen, 1944. urtean. Kubara joan zen hango frontoietan aritzera, baina 1960. urtean apustuak debekatu zituen Fidel Castroren Gobernuak, eta orduan Miamira joan zen. Han 26 urtez aritu zen pilotan.

Champlain Towers South eraikinak 136 apartamentu zituen. Horietako 55 erori ziren. Joan zen larunbatean zabaldu zuten txosten baten arabera, eraikinak «akats larri bat» zeukan diseinuan, eta, horren eraginez, oinarriak ez zuen ura behar bezala kanporatzen. Eraikinak arrakala asko zituela gaineratzen zuen txostenak. Floridako unibertsitate bateko ikertzaileek iaz ondorioztatu zutenez, eraikina bi milimetro hondoratu da urtean, 1990eko hamarkadatik. Izan ere, padura batean eraiki zuten.

Anna eta Lucia Guara ez ziren izan atzo topaturiko haur bakarrak. Suhiltzaile baten 7 urteko alabaren gorpua atera zuten hondakinetatik.

Beraz, lerrok idazteko orduan, dagoeneko 22 pertsona hil dira ezbeharrean, horietako hiru haurrak. Baina kopurua askoz handiagoa izan daiteke, 126 daudelako oraindik galdurik. Denbora igaro ahala gero eta txikiagoa da inor bizirik topatzeko itxaropena.

Atzo, Miami-Dadeko alkateak agindu zuen Champlain Towers Southeko eraikinetik zutik geraturiko egiturak eraisteko, erreskate taldeetako kideen gainean eror daitezkeelakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.