Italia 1-1 Espainia (4-2)

Lehen finalista, Italia

Penaltietan sailkatu da finalera, Espainia kanporatuta, Londresen, Wembleyn. 'Azzurri'-ek Ingalaterra-Danimarka partidako garailea izango dute aurkari.

Italiako jokalaiak Espainiaren aurkako garaipena ospatzen, Wembleyn. KIKO HUESCA / EFE
Mikel O. Iribar.
2021eko uztailaren 7a
00:02
Entzun

Italia Eurokopako finalean izango da, historian laugarrenez; azkena, 2012an izan zen, eta Espainiak aise menderatu zuen Italia: 4-0. Bada, 2020ko Eurokopan, azzurri-ek ordukoaren mendekua hartu dute gaur, finalerdietan irabazita, penaltietan, Londresen, Wembley estadioan. Partida bana amaitu da, eta Jorginhok sartu du penalti erabakigarria. Bihar jokatu da bigarren finalerdia, Ingalaterra eta Danimarkaren artean, eta neurketa horretako garailea izango dute aurkari.

Partidako lehen hamabost minutuetan Espainiak izan du baloiaren jabetza, alde batetik bestera mugituz, bere ohiko estilora. Luis Enriqueren jokalariak txinparta handiagoarekin atera dira zelaira, baina ezin zuten zulorik topatu. Italiarrek euren harresia zutik sendo zuten, Leonardo Bonucci eta Giorgio Chiellini atzelari beteranoen gidaritzapean. Roberto Manciniren taldea abila da defentsan, baina gaurkoan ahuleziaren zantzuak igarri zaizkie azzurri-ei. Espainiaren lehen abagunea Ferran Torresek izan du ezker hegaletik, baina kamuts ibili da.

Aukera argiagoa Dani Olmok izan du 24. minutuan. Gianluigi Donnarumma atezainak gaizki urrundu ostean, espainiak baloia berreskuratu, Dani Olmok area txikian eskuinez jaurti, baina Italiako atezainak aurretik egin duen hutsa ongi lausotu du.

Italiarrak nahi eta ezinean zenbiltzan, argitasun handirik gabe. Baloia lapurtzen zuten bakoitzean, azkar galtzen zuten, eta, espainiarren defentsa lerroa aurreratuago zegoenez, zailtasunak zituzten Cirno Immobile, Lorenzo Insigne eta Federico Chiesa aurrelariei goitik paseak bidaltzeko. Luis Enriquerenak, aldiz, erraz iristen ziren Italiaren areara. 39. minutuan, Mikel Oiartzabali iritsi zaio baloia, Jordi Albak egindako pase luzearen ostean. Realeko jokalariak, ordea, zerura bidali du baloia.

Italiak lehen zatiko hatsean egin du partidako aurreneko jaurtiketa. Emersonek ezker hegaletik sekulako korrikaldia egin ostean, sukalderaino sartu da, baina baloiak langan jo du. Hutsean berdinduta joan dira atsedenaldira. Bestalde, nabarmentzekoa izan da Espainiak izan duen baloiaren jabetza: %65ekoa.

Joko biziagoa

Bi taldeak ausartago zelairatu dira, eta hasierako minutuak joan-etorri handikoak izan dira. Lehen aukerarik garbiena Espainiak izan du. Olmok eskuinetik egindako erdiraketa pozoitsua Giovanni Di Lorenzok urrundu du, badaezpada; izan ere, Torres bigarren zutoinean zegoen zain, azti. Handik gutxira, bigarrenez iritsi dira Italiaren atera. Oiartzabalek eskuinetik erritmo aldaketa azkarra egin dio Chielliniri, eta erraz gainditu du. Eibartarrak Sergio Busquetsi bidali dio baloia, baina Bartzelonako jokalariari jaurtiketa gora joan zaio.

Hurrengo jokaldian Italiak izan du gola sartzeko lehen aukera, Chiesaren eskutik, baina eskuinez egindako jaurtiketa Unai Simonek erraz gelditu du. Bigarrengoan, ordea, atea zulatu du. Bai zulatu ere. 60. minutuan, kontraeraso azkar baten ostean, Inmobilek Chiesari baloia eman, eta hark, eskuinez, baloiari bikain eman dio. Simonek baloia atera nola zihoan begiratu besterik ez du egin. Kontraerasoetan trebeak dira italiarrak, eta izan duten aukera hori ondo baino hobeto probestu dute.

Italiak bazekien gol bakarrarekin ez zuela nahikoa partida erabakita uzteko. Luis Enriquek, berriz, aldaketa sorta egin du taldea suspertzeko xedez; tartean, teknikari asturiarrak Alvaro Morata atera du. Hain zuzen, italiarrek ez, espainiarrek berdindu dute norgehiagoka, Morataren eskutik, 79. minutuan. Olmorekin bat-bikoa egin ostean, Atletico Madrileko jokalariak ez du hutsik egin Donnarummaren aurrean. Hurrengo hamar minutuetan, talde batak zein besteak ez du gehiegi arriskatu, eta, beraz, markagailua ez da mugitu.

Luzapenean nabari zen bi taldeetako jokalariek minutuak pilatuta zituztela euren hanketan. Indarrez justu eta zehaztasun handirik gabe, nekez izan dituzte aukera argiak, eta ez diete etekin handirik atera. Gisa horretara heldu dira penaltietara. Unai Simonek Manuel Locatelliren jaurtiketa geratu du. Ondoren, Olmok ez du asmatu hamaika metroetatik; zerura bidali du. Ostera, Andrea Belottik, Gerard Morenok, Bonuccik, Thiagok eta Federico Bernardeschik elkarren segidan asmatu egin dute; ez, ordea, Alvaro Moratak. Donnarummak geratu dio. Italiarrek aukera handia zuten partida erabakitzeko, eta Jorginhok ez du hutsik egin. Horrenbestez, Italia finalera, eta Espainia, berriz, etxera. Italiarrek bigarrenez Eurokopako garaikurra irabazteko aukera izango dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.