Kanada

Inuit bat izendatu dute Kanadako gobernadore nagusi

Ehunka haur indigenaren gorpuak aurkitu berritan hartu dute erabakia. 

Justin Trudeau eta Mary Simon, Toronton. KANADAKO GOBERNUA / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko uztailaren 7a
12:25
Entzun

Ehunka haur indigenaren gorpuen aurkikuntzak eragindako harrabotsaren erdian, Kanadak emakume indigena bat hautatu du lehen aldiz herrialdeko gobernadore nagusi kargua hartzeko: Mary Simon inuita. «Esan dezaket nire izendapena historikoa dela Kanadarentzat, eta aurrerapauso handi bat adiskidetzeko bidean», adierazi du Simonek.

Artikoko inuiten lider nagusietako bat da Simon, 73 urteko inuka —inuit etniako taldeetako bat da—. Iraganean, Inuit Konferentzia Zirkunpolarreko presidente izan zen, eta Kanadak Artikoan izaniko lehen enbaxadorea. Haren ibilbideaz, Kanadako lehen ministro Justin Trudeauk adierazi du «bizia Kanadako inuiten eta herri indigenen giza eskubideen, ekonomiaren eta gizartearen garapenera» bideratu duela. Hala, ziurtzat jo du ibilbide hori Kanadako «balio komunen» mesedetan erabiliko duela.

Kanadak hiru talde indigena aitortzen ditu: inuitak, 65.000 lagun inguru direnak; Lehen Nazioetako kideak, milioi bat inguru direnak; eta metiak, 500.000 inguru direnak. Simonen izendapena txalotu dute horiek guztiek. Lehen Nazioen Biltzarreko buru Pierre Bellegardek zoriondu egin du, esanez ordezkari «indartsu bat» dela. Nunavuteko lehen ministro Joe Savikataaqek, berriz, «merezitako» lorpena duela nabarmendu du.

Trudeauren gomendioa jarraituz, Ingalaterrako erregina Isabel II.ak onartu du Simonen izendapena. Izan ere, haren ordezkari gisa jardutea da gobernadore nagusiaren zeregina. Karguaren funtsa protokolozkoa da, eta herrialdean onartutako lege berriei sinadura jartzea da haren eginbehar nagusietako bat.

Simoni leporatu diten hutsetako bat da frantsesez ez hitz egitea —Kanadako hizkuntza ofiziala da, ingelesarekin batera—. Hark, baina, herritar indigenek jasotako heziketaren ondoriotzat jo du. Azaldu duenez, haur aborigenen aurkako abusuak ohikoak ziren ikastetxe batean hezi zuten, eta ez zuen frantsesa ikasteko modurik izan: «Frantsesa ikasteko aukera galarazi zitzaidan gobernuaren menpeko ikastetxeetan».

Simonen izendapena halako ikastetxe eta barnetegietan iragan mendeetan eginikoak azaleratu berritan eman da. Kanadako Gobernuak eta erakunde erlijiosoek kudeatutako barnetegiak XIX. mendean eratu zituzten, eta haur indigenak bortxaz eramaten zituzten haietara, euren kultura baztertu eta diziplinatzeko helburuarekin. Kalkuluen arabera, 1863 eta 1998 artean 150.000 adingabe baino gehiago behartu zituzten ikastetxe horietan sartzera. Haietan tratu txarrak eta gehiegikeriak nagusi ziren, indigenek salatu dutenez. Are gehiago, azken asteetan haietara joatera behartutako 1.100 indigenen hilobiak aurkitu dituzte. Azken urteetan zenbatutakoak gehituz gero, hainbat adituk azaldu dute 6.000 inguru izan daitezkeela haietan hildakoak. Egoerak indigenen haserrea eragin du, eta egun gutxian zazpi eliza erre eta Ingalaterrako erreginen hainbat estatua bota dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.