indarkeria matxista

Murchanten emakume bat hil duen gizonezkoaren bila jarraitzen dute

Labankadaz hil du andrea, ibilgailu barruan zela. Koinatuak izanak ziren; gizonaren bikotekide ohiaren ahizpa da biktima. Foruzaingoa erasotzailearen bila ari da. Protesta bilkurak egin dituzte.

Hilketa matxistarengatik protesta bilkura egin dute Murchanten. IDOIA ZABALETA / FOKU
Uxue Rey Gorraiz - Mikel P. Ansa
2021eko uztailaren 7a
13:02
Entzun

Beste hilketa matxista bat gertatu da asteazken goiz honetan, 10:24 zirenean. Murchanten (Nafarroa) izan da. Foruzainek ez dute informazio asko zabaldu, baina Diario de Navarra-ren arabera gizonak autoarekin jo du emakumearen autoa, eta bidetik aterarazi du biktimaren ibilgailua. Gizona labana batekin joan zaio, eta autoan bertan hil du. Emakumea bere seme-alabekin zihoan autoan —9 eta 5 urte dituzte—, eta haien aurrean hil du gizonak. 43 urte zituen emakumeak, eta Maria Pilar Berrio Jimenez zuen izena. Gasteizkoa zen sortzez, baina lau urte zeramatzan bizitzen Murchanten.

Gizonezkoak ihes egin du, eta haren bila ari dira poliziak. Ikerketa zabaldu dute, eta NA-6840 errepidearen inguruak miatzen ari da; han gertatu da hilketa, 4,6 kilometro puntuan, futbol zelaitik gertu. Noticias taldearen arabera, aurrekariak lituzke hiltzaileak, eta Zumarragakoa litzateke. Ertzaintzarekin elkarlanean, herri horretan ere operatibo bat egin dutela zabaldu dute. Autoz egin du ihes gizonak, eta Foruzaingoak kontrol batzuk ere jarri ditu.

Jakin ahal izan denez, bilatzen ari diren gizon horrek eta hildako emakumeak gertuko harremana zuten. Gizonaren bikotekidearen ahizpa zen hildakoa. Hala ere, Foruzaingoak ez da kasua hilketa matxista gisa ikertzen ari, familia barruko hilketa edo delitu baten gisa baizik. Espainiako Genero Indarkeriaren aurkako Legeak zehazten du emakumezkoen aurkako indarkeria genero indarkeriatzat hartuko dela, soilik erasoa bikotekidearen edo bikotekide ohiaren aurkakoa denean.

Aurrekariak

Hainbat hedabidek zabaldu dutenez, ustezko hiltzailea 1998. urtean atxilotu zuten Ikaztegietako (Gipuzkoa) gasolindegian lan egiten zuen emakume baten hilketaren harira. Aurreko urtean hil zuten langilea, tiroz, eta gaurko hilketaren susmagarria beste bi pertsonarekin batera epaitu zuten. Herri epai-mahai batek errugabetu zuen 2000. urtean, froga faltarengatik. Gizonezkoak 41 urte ditu, eta Zumarragan bizi da (Gipuzkoa).

Ertzaintzaren talde handi bat joan da gaur arratsaldean haren etxera. Zabaldu dutenez, hainbatetan salatu dute debekaturiko armak edukitzeagatik.

Elkarretaratzea

Murchanteko Udalak ezohiko batzarra egin du gaur, 19:00etan, eta hilketa gaitzesteko elkarretaratze bat egin dute herrian, udaletxearen aurrean. Luis Sancho alkateak berak zabaldu du bandoa, elkarretaratzea isila izango zela jakinaraziz.

Udalak hilketa gaitzetsi du eta hiru eguneko dolua ezarri du. Herrian bizi zen emakumea, eta Udalak «sostengu eta elkartasuna» agertu dio haren senideei. Horrez gain, hitz eman du lan egingo duela berdintasunaren alde, «emakumeek bakean eta indarkeriarik gabe bizitzeko duten eskubidea gauza dadin».

Besteak beste, Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidenteordea egon da elkarretaratzean. «Emakumeen aurkako indarkeriaren bortizkeria klase guztien» aurkako jarrera argi utzi nahi dute horrela. Hilketa gaitzetsi du gobernuak, eta «emakumeen bizitzaren, askatasunaren, duintasunaren eta herritartasun osoaren kontra» egiten duten indarkeriak borrokatzen jarraitzeko konpromisoa adierazi dute.

Tuteran, Koordinadora Feministak elkarretaratze batera deitua zuen, «indarkeria matxistaren aurka», 20:00etan Foru plazan. Cascanten, bihar egingo dute elkarretaratzea, hori ere 20:00etan, Foru plazan. Tuterako Udalak ere protesta batera dei egin du, bihar eguerdian. Alderdi politikoek ere salatu dute hilketa, PSNk, EH Bilduk, Ahal Dugu-k, Geroa Baik eta EAk oharrak plazaratu dituzte, hilketa gaitzesteko eta hildakoaren senideei elkartasuna adierazteko. Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak ere gaitzespen mezua kaleratu du. Gorka Urtaran Gasteizko alkateak doluminak eman dizkie hildakoaren senideei.

Urtea hasi zenetik Euskal Herrian gertatutako laugarren hilketa matxista da. 2003az geroztik 111 emakume hil dituzte Euskal Herrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.