Iruzurra

ETSren esleipen bateko ustezko irregulartasunak salatu ditu EH Bilduk

Euskal Trenbide Sareak 1,2 miloi euroko kontratua esleitu zion Sener enpresari Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako trenbide sarearen azterlana idazten laguntzeko. Lizitazio horren baldintza teknikoen pleguaren dokumentuak enpresaren izena zeramala jakinarazi du EH Bilduk. ETSk dio «akats» bat izan zela, plegua egiteko «dokumentu zahar bat» erabili zutelako.

Plegu teknikoaren dokumentuan 'Contrato Sener' izenburua eta enpresaren langile baten ustezko inizialak ageri dira.
Iñaki Agirre Perez.
2021eko uztailaren 8a
12:03
Entzun

Josu Estarrona eta Unai Fernandez de Betoño EH Bilduko legebiltzarkideek agerraldi bat egin dute ETS Euskal Trenbide Sarearen lizitazio publiko batean ustez emandako iruzur bat salatzeko. Azaldu dutenez, ETSk maiatzean Sener enpresari Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako trenbide sarearen azterlana idazten laguntzeko esleitu zion kontratua enpresarako berariaz diseinatua egon zitekeen.

Otsailaren 2an, Jaurlaritzaren erakunde publikoak lizitazio publikora atera zuen EAEko Trenbide Sarearen Azterlana idazteko laguntza zerbitzuaren kontratazioa, 1,5 milioi euroko aurrekontuarekin, BEZ barne. Bada, EH Bilduko legebiltzarkideek jakinarazi dute lizitazio horren baldintza teknikoen pleguaren izenburua «Contrato Sener» (Sener kontratua) zela, baita dokumentuaren metadatuetan egile gisa agertzen zen pertsonaren inizialak enpresa horretako langile baten izenarekin bat zetozela ere. «Zantzu guztien arabera, lizitazioaren baldintza teknikoen plegua ez du Euskal Trenbide Sareak egiten, Sener enpresak baizik», adierazi du Fernandez de Betoñok.

EH Bilduko kideek azaldu dute dokumentuaren izenburua eta egiletza horiek notariotza batean akreditatu zituztela, eta ETSk lizitazioa Sener enpresa kontratatzeko berariaz diseinatu izan zezakeela ohartarazi dute. Hori horrela izanez gero, erakunde publikoarena esleipen irregular bat izango litzateke, eta lehiaketa publiko guztietan bermatu behar diren berdintasun, gardentasun eta lehia askearen printzipioak urratuko lituzke.

Fernandez de Betoñoren arabera, «baldintza teknikoen pleguaren PDFaren metadatuen arabera, kontratua Senerrekin aldez aurretik hitzartuta zegoelako susmoa argia da», eta horrek kontratazio prozesuan «lehia oztopatzeko, murrizteko edota faltsutzeko» helburua izango lukeela gaineratu du.

Sei enpresa aurkeztu ziren, eta Senerrek irabazi zuen

Behin lizitazioa irekita, martxoaren 4an eskaintzak aurkezteko epea amaitu zen, eta sei enpresa aurkeztu ziren lehiaketa publikora, besteak beste, Sener. Eskaintzak aztertu zirenean, irizpide objektiboak kontuan hartuta, lau enpresak Senerrek baino puntuazio hobea lortu zutela jakinarazi du Fernandez de Betoñok, baina irizpide subjektiboak aplikatuta, ETSk 1,2 milioi eurotan Sener kontratatzea erabaki zuela azaldu du. Hala, bi aldeek ekainaren 18an formalizatu zuten kontratua.

Estarrona legebiltzarkideak adierazi du kasua «oso larria» dela, bere ustez, «frogatuko lukeelako enpresa batzuek harreman pribilegiatuak dituztela, kasu honetan Jaurlaritzarekin, eta honek horren arabera kontratatzen dituela enpresa batzuk ala besteak». Zentzu horretan, lehiaketa publikoak «formalismo eta itxurakeria hutsa» izango liratekeela nabarmendu du.

Horregatik, Iñaki Arriola Garraio sailburuak «derrigorrez» azalpenak eman behar dituela esan du Estarronak: «Azaldu behar du nola den posible lehiaketa publiko batean baldintzen plegua, antza denez, enpresa batek, Senerrek, egitea; zer nolako harremanak dituen enpresa horrekin; ea harreman horiek pribilegiozko harremanak diren; ea enpresa batzuek entxufea duten bere departamentuan edo praktika kolusorioak ezagutzen dituen bere departamentuan, kontuan hartuta sail horrek lizitazio asko egiten dituela».

Ildo beretik, EH Bilduk Arriolaren agerraldia eskatu du, eta galdera sorta aurkeztu du dagoeneko sailburuak «dagozkion argibideak eman ditzan». Gerora, jasotako azalpenen arabera, urrats gehiago egitea beharrezkoa den erabakiko duela azaldu du alderdiak.

ETSk dio «dokumentu zahar bat» erabili zela

EH Bilduk azaleratutako informazioari erantzunez, ETSk adierazi du gertatutakoa «barruko akats propioa» izan dela, baldintza teknikoen agiria idazteko orduan «dokumentu zahar bat» erabili zela argudiatuz. Halaber, gaineratu du dokumentuaren egilearen lekuan ageri diren inizialak ETSko langile batenak direla, eta ez Senerren lan egiten duen norbaitenak.

Hala, iruzurraren susmoak «ondorio interesatuak ateratzeko» erabili izana leporatu dio erakunde publikoak EH Bilduri, eta jakinarazi du ETSko Sistemen Zuzendaritza gertatutakoa argituko duen azalpen tekniko bat prestatzen ari dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.