ESPAINIAKO LIGA

Lehen Mailako euskal talde guztiak entrenatzen hasi dira

Gaur hasi dira Reala eta Osasuna, eta aurreko egunetan egin dute Alavesek eta Athleticek. Nobedade handirik gabe ekin diote denboraldi-aurreari laurek ere.

Realaren denboraldiko lehen lan saioa, gaur goizean. GORKA RUBIO, FOKU
Igor Susaeta.
2021eko uztailaren 8a
14:07
Entzun

Espainiako Ligan lehiatzen diren gizonezkoen euskal talde guztiak hasi dira 2021-2022 denboraldia prestatzen. Alaves izan zen lanera itzuli zen aurrenekoa, herenegun, Athleticen txanda izan zen atzo, eta Realak eta Osasunak gaur ekin diote. Hilabete pasa inguru dute liga hasierara puntuan iristeko. Lehen jardunaldia abuztuaren erdialdeko asteburuan jokatu da. Hauek dira euskal taldeen partidak: Osasuna-Espanyol (08/14, 17:00etan); Alaves-Real Madril (08/14, 22:00etan); Bartzelona-Reala (08/15, 20:00etan), eta Elx-Athletic (08/16, 22:00etan).

Alaves

Joan den denboraldian azken unean lortu zuen mailari eustea. Javier Callejak Abelardo Fernandez ordezkatu zuen aulkian liga amaitzeko bederatzi jardunaldiren faltan, eta taldea suspertzea lortu zuen. Sasoi honetan ere mantentzea izango du helburu Alavesek. Neurri handi batean, talde bera edukiko dute arabarrek, baina egia da aurreko sasoian garrantzitsuak izandako pare bat jokalari galdu dituela: kasurako, Lejeune erdiko atzelaria eta Battaglia euskarria. Utzita aritu ziren, eta haien taldeetara bueltatu dira; Lejeune Newcastlera eta Battaglia Sporting Lisboara. Manu Garcia kapitainak, Deyversonek eta Burguik eta ere ez dute jarraituko. Pellistri erasoko erdilaria Manchester Unitedek utzita zegoen, baina Alavesek uruguaitarrak Gasteizen jarraitzea nahi du, eta hori jakinarazi dio Ingalaterrako taldeari. Jokalaria konforme dago.

Bi fitxaketa egin ditu Alavesek. Toni Moya Atletico Madrilen harrobian hazi da, eta lehen taldean partida bakanen bat jokatu duen arren, ez du lortu tokirik egitea Diego Simeoneren taldean. 23 urte dauzka, eta jokatu dezake bai erdiko atzelari gisa, baita euskarri moduan ere. Taichi Hara japoniarra, bestalde, 1,90 metro luze den 22 urteko aurrelaria da. Alavesen menpeko Istra 1961 (Kroazia) taldetik dator. Azken denboraldian bi gol sartu zituen hamalau partidatan.

Denboraldi-aurreko lehen lagunartekoa uztailaren 14an jokatuko du Alavesek. Ibaian, taldearen entrenamendu gunean, izango da, Logroñesen aurka (19:00). Uztailaren 30etik abuztuaren 6ra egonaldia egingo du La Manga del Mar Menorren (Espainia).

Athletic

Marcelino Garcia Toral Athleticen entrenatzaileak prentsa agerraldia egin zuen, atzo, Lezaman, denboraldi-aurreko lehen lan saioa bukatuta: «Epe laburreko helburuak ezartzen ditut. Halere, Europara sailkatzeko borrokan egoteko ilusioa eta grina eduki behar ditugu». Ernesto Valverderen aginduetara, 2013 eta 2017 artean, denboraldiro lortu zuen Europako lehiaketetara sailkatzea, baina jada lau denboraldi daramatza txartelik lortu gabe. Espainiako Kopako finala irabazita eduki zuen horretarako aukera aurreko sasoian, baina Bartzelonak 4-0 irabazi zion.

Eta sasoi berriari aurre egiteko, Alex Petxarroman da fitxaketa bakarra. Realeko harrobian hazi da, eta jokatu dezake bai eskuin hegaleko atzelari gisa, edo euskarrian. Nolanahi ere, ez dago argi lehen taldean geldituko den edo utzita aterako den. «Neurri handi batean, oraingoekin ariko garela esan dezaket. Merkatuan aukeraren bat egon daiteke, baina...«, aitortu zuen Marcelinok, atzo. Merkatua, baina, geldi antzean dago.

Bigarren taldeko Nico Williamsek —lehen taldearekin minutu batzuk jokatutakoa da—, Serranok, Agirrezabalak, Artolak eta Pradosek lehen taldearekin egingo dute denboraldi-aurrea, eta ikusteke dago Marcelinoren aginduetara jarraituko duten ala ez. Unai Lopezek, Ibai Gómezek, Iñigo Vicentek, Nolaskoainek, Cordoba eta Kenan Kodrok kontratua dute, baina ez dira entrenatzailearen gustukoak.

Hasi dira entrenamenduak, baina hainbat arazo fisiko tarteko, Yuri, Iñaki Williams, Yeray, Capa, Zarraga, Kodro, Peru eta Cordoba ez ziren taldekideekin batera entrenatu. Zuri-gorriek bederatzi eguneko egonaldia egingo dute St. Gallenen (Suitza), eta lehen lagunartekoa St. Gallenen beraren kontra jokatuko du uztailaren 17an (16:00).

Reala

No news, good news Realean; hau da, berririk ez bada, hobeto. 2019-2020an bezala, aurreko denboraldian ere Europako Ligarako sailkatu zen Reala, eta, gainera, Espainiako Kopa irabazi zuen, berriro, 34 urte geroago. Taldeari eutsi dio, horrenbestez, baikorrak izateko motiboak baditu Imanol Alguacil entrenatzaileak.

23k jokalarik parte hartu dute, gaur, Zubietan, aurreneko lan saion. Han izan dira William Jose, Aihen eta Kevin, nahiz eta klubak taldetik kanpo nahi dituen. Silvak ez du entrenamenduan parte hartu, arrazoi pertsonalengatik. Eta nobedadeen artean, bigarren taldeko Jon Pacheco atzelaria, eta Robert Navarro erasoko erdilaria. Ikusteko dago lehen taldean geldituko diren ala ez.

Realak egin nahi ditu pare bat fitxaketa; batez ere, atezain bat eta ezker hegaleko atzelari bat. Aterako hautagaiak dira Ionut Radu errumaniarra (Inter) eta Mathew Ryan (Arsenal) australiarra; eta ezker hegalerako Carlos Clerc (Levante) kataluniarra. Fitxaketarik ez du egin Realak, baina Alexander Isak erdiko aurrelariaren —uztailaren 26an itzuliko da, Suediarekin Eurokopan aritu eta gero— eta Jon Guridiren kontratuak berritu ditu, 2026 eta 2024ra arte.

Alguacilek muturra okertuko zuen ziurrenik, jakinarazi ziotenean Mikel Oiarzabal, Martin Zubimendi eta Mikel Merino deitu dituela Espainiako selekzioak Olinpiar Jokoak jokatzeko. Horiek ezin izango dute denboraldi-aurrea osatu liga hasi aurretik. Sagnan ere deitu dute Frantziako selekzioarekin aritzeko, baina apenas jokatu zuen aurreko sasoian, eta klubak saldu egin nahi du. 2024ra arteko kontratua du.

Uztailaren 24an jokatuko du aurreneko lagunartekoa: Zubietan, Alavesen aurka (19:00). Ez du egonaldirik egingo Donostiatik kanpo.

Osasuna

Osasunako jokalariek ere gaur entrenatu dute aurrenekoz sasoi honetan. Bi taldetan banatuta ekin diote, Taxoaren. Jagoba Arrasatek entrenatutako taldeak mailari eustea du xede, nahiz eta azkeneko bi denboraldietan aise antzean edo, behintzat, azken partidetan sufritu gabe lortu zuen mailari eustea. Taldearen bizkarrezurra ez du aldatuko taldeak, ez baitu jokalari nabarmenik galdu. Jon Moncayola harrobiko euskarriaren jardunak atentzioa eman zuen azken denboraldian, baina gorritxoen zuzendaritza azkar ibili zen, eta 2031ra arteko kontratua sinatu du erdilari nafarrak.

Batik bat erasoa indartu du Osasunak. Ante Budimir izan zen taldearen goleatzaile nagusia (11 gol). Mallorcak utzita aritu zen, eta gorritxoen zuzendaritzak erabaki zuen jokalaria erostea. Kike Garcia azken bost urteotan Eibarren aritutako aurrelaria ere fitxatu du, behin talde armagina Bigarren Mailara jaitsita. Jose Angel Valdes Cote azkeneko lau sasoietan Eibarren aritutako ezker hegaleko atzelariak ere Osasunan jokatuko du. Ez du jarraituko, ordea, Jonathan Calleri argentinarrak, nahi eta errendimendu ona eman duen aurrealdean. Utzita zegoen.

Braulio Vazquez Osasunako kirol zuzendaria hedabideen aurrean mintzatu zen atzo, Cote-ren aurkezpenean, eta adierazi zuen %99 batean itxita dagoela taldea, eta «pozik» dagoela hori lortu duelako denboraldi-aurrea hasi berritan. Lehen lagunartekoa hilaren 17an jokatuko du, Taxoaren bertan, bigarren taldearen kontra. Osasunak ez du egonaldirik egingo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.